Sakana Igeriketa Taldea, sasoi betean

Guaixe 2012ko azaroaren 9a

1995. urtean sortu zen Sakana Igeriketa Taldea. Hasieran oso igerilari gutxi ziren, baina egunetik egunera kopurua handitzen joan zen eta aurten 52 igerilari dira, 5 urtetik kategoria absoluturaino, 14-15 urtetara. "Aurten 8 inskripzio izan ditugu eta apenas bajarik. Igeriketa oso kirol osoa da eta lehiatzeko modua ez da batere agresiboa. Horregatik apuntatu genituen gure seme-alabak" adierazi dute Idoia eta Yolik. Asteazkenean talde argazkia atera zuten Altsasuko Zelandi igerilekuan, eta Bierrik fundazioaren 2000 esker kanpainarekin bat egin zuten. Lakuntza, Arbizu, Iturmendi, Etxarri Aranatz, Altsasu, Olazti... herri askotako neska-mutikoak dira. Sakanan 2 igerileku estali daude, eta estali gabeko 7. Altsasuko Zelandi igerilekuan entrenatzen da Sakana Igeriketa Taldea, urritik ekainaren bukaerara arte, astean hirutan. Nafar Kirol Jolasetako lehiaketetan eta Euskal Herriko Txapelketetan aritzen dira. "Euskal Herrikoan emaitza onak ditugu. Hor daude Olatz Azazeta eta Aitor Galbeteren markak" diote. Aurrebenjamin mailakoak ez dira lehiatzen, igeriketan trebatzen eta abiadura, teknika eta estiloak lantzen aritzen dira. Baina benjamin mailatik aurrerako igerilari gehienak lehiaketetan aritzen dira. Benjamin mailan 11 igerilari daude, kimuetan 13, haurretan 15 eta gainontzekoak maila absolutuan dabiltza. Mikel Galan entrenatzailearen begiradapean aritzen dira guztiak. "Oso pozik gaude berarekin. Oso prestatua dago eta sekulako lana egiten du, dedikazio askorekin" diote gurasoek.  Sakana Irristaketa Taldeari Nafar Kirol Jolasetako probak antolatzea ere tokatzen zaio. Aurten bi antolatuko ditu: azaroaren 24an eta martxoaren 16an, biak Altsasun. Sakana Irristaketa Taldearekin harremanetan jartzeko Zelandi kiroldegiko harreran galdetzearekin nahikoa da.