Ikasturte hasieratik 2 garbitzaile gutxiago institutuan

Guaixe 2012ko azaroaren 9a

"Ikastetxean sortzen eta handitzen ari den garbiketa arazo honi ahalik eta azkarren aurre egiteko behar den garbitzaile kopurua jartzea eskatzen dugu". Altsasuko Aralarko Mikel Donea institutuko hezkuntza komunitatearen aho bateko eskaera da. Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideetako eta Egoitzen eta Ikastetxeen mantentze lanen arduradunei eskaera hori egin diote gaur bertan. Aste honetan bildutako langile eta gurasoen ia 400 sinaduren babesarekin joan da eskaera. Izan ere, zerbitzuetako langileak, guraso elkartea, zuzendaritza, ikasleak eta irakasleak bat etorri dira eskaerarekin. Azaldu dutenez, irailaren 30ean hartu zuten erretiroa bi garbitzaileek. Orain arte Hezkuntza Departamentuan haien eskaerak jaso duten erantzuna izan da: "aztertuko dugu". Gogora ekarri dute ikasturte honetan ikasle kopuruak gora egin duela eta 540 direla, "eta dagozkigun garbitzaileak izan beharrean 3 besterik ez ditugu. Garbiketa taldean %40ko murrizketa eman da. Ikastetxearen garbitasun beharrak berberak izaten jarraitzen badute ere, ikasturteak aurrera jarraitzen du eta oraindik ere lanpostuak bete gabe jarraitzen dute". Dauden 3 garbitzaileak ezin iritsi dabiltzala eta lana pilatzen zaiela adierazi dute ere.