Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Despeditu berri da Euskal Herriko Rallye txapelketa, azaroaren 2an eta 3an jokatu zen Lea-Artibaiko Rallyarekin. Aurretik beste hiru rallyk puntuatu zuten: Balcon de Bizkaia Rallyak, Donostia Hiria Rallyak eta Gernikako Rallyak. Lea-Artibaiko Rallya lehenengoz antolatu zuen Markina Xemeingo K.P.R. Racing elkarteak, proba ikusgarria. Izena eman zuten 47 taldeek probak zituen 5 eremutatik bi aldiz pasatu behar zen, guztira 10 eremu eginez.Proba ikusgarri eta gogor honetan bi talde sakandarrek hartu zuten parte: Joseba Aldaz pilotuak eta Iker Azkargorta kopilotuak (205 Rallye, R multzoa, 1 klasea, 16000cc arte) eta Iban Lopez de Goikoetxea pilotuak eta Javier Goikoetxea kopilotuak (Renault 5 GT Turbo, FL klasea, homologaziorik gabe). Bi taldeak aukera politekin iritsi ziren Euskadiko Rally Txapelketako azken rally honetara, euren multzoetan aurreko postuetan baitzeuden, euren kategorian txapelketa irabazteko aukera handiekin.Zorterik gabeBaina zortea ez zuten alde izan sakandarrek. Joseba eta Ikerri komunikazio sistema apurtu zitzaien probako 6. eremuan, eta bihurgune baten azalpenak ezin entzunez, euren Peugeot 205arekin bidetik irten ziren, proba utziz. Orain puntuen zenbaketa eta erreklamazioen zain daude Euskadiko Rallye Txapelketan zein postutan sailkatu diren jakiteko.Eta nahiz eta oso ongi hasi, gauzak ere ez zitzaizkien ongi joan Ibani eta Javierri. Iban Lopez de Goikoetxeak Aritz Azpiroz kopilotuaren laguntza izan du txapelketan barna, baina azken proban Javi Goikoetxea aritu behar izan zen Azpirozen partez. Euren areriorik indartsuena erretiratuta, 7. eremuari ekin baino lehen 21 segundoko errenta ateratzen zioten beste arerioei. Errenta hori kontrolatzearekin nahikoa zuten euren kategorian Euskadiko Txapelketa irabazteko. Baina Elgoibar eta Markina lotzen dituen San Migel errepidean autoaren martxa aldagaia hautsi eta gero ezin izan zuten rallyan jarraitu. Hortaz, txapelketa eskuan izanda azkenean Euskal Herriko Rallye Txapelketako hirugarrenak izan dira euren mailan, FL klasean.Denboraldia bukatuta, hurrengoa dute buruan gure pilotuek. Ea zortea alde duten.