Greba gutxi nabaritu zen Sakanan

Guaixe 2012ko azaroaren 15a

UGT eta CCOO sindikatuek asteazkenean greba orokorra deitu zuten Espainiar Estatuan. Beste hainbat sindikatu eta erakundek ere deialdia egin zuten, tartean CNT, CGT, Solidari eta ESK. Guztiek ere asteazkenerako Europako Sindikatuen Konfederazioak Europa mailan deitutako mobilizazioekin bat egin zuten. Murrizketa sozialak, BEZaren igoera, erreformak eta beste salatu zituzten, beste mota batetako alternatiben alde eginez. Greba gutxi nabaritu zen ibarrean. Bailarako lantegi, komertzio, osasun etxe eta ikastetxeetan ohiko jarduna izan zen. Soilik enpresa handietan, Sunsundeguin edo Cementos Portland Valderrivasen, nabaritu zen lana uzteko deialdia. Hezkuntzan dozena erdi irakaslek bat egin zuten grebarekin. Atakondoa eskolara, berriz, 137 haur gutxiago joan ziren. Osasun arloan ere betiko jardunari eutsi zioten. Komertzio gehienak ateak irekita izan ziren asteazkenean eta Altsasuko azokan ere ohikoak baino pixka bat gutxiago bada ere, postuak izan ziren eta erosle dexente ibili ziren. UGTk eta CCOOek ez zuten mobilizazio edo manifestaziorik deitu gurean; Iruñean deitutako manifestazioekin bat egin zuten eta bertara jo zuten grebarekin bat egin zuten sakandarrek. Manifestazio handiak egin ziren Iruñean, bai goizean eta baita arratsaldean. Sindikatuen zatiketaSindikatuen zatiketak eragin zuzena izan du Sakanan. Sindikatu guztiak ados daude krisiaren aitzakian langileek eskubide ugari galdu dituztela denuntziatzerakoan eta Gobernuek aplikatutako murrizketa sozialak, BEZaren igoera, lan erreformak eta beste hainbat erreforma salatzerakoan. Baina erantzuna ematerakoan ez dira ados jartzen. Irailaren 26an LABek eta ELAk deitutako greba orokorrarekin ez zuten UGTk eta CCOOek bat egin. Greba horrek jarraipen zabala izan zuen Sakanan. Eta asteazkeneko greba deialdiarekin ez zuten bat egin LABek eta ELAk. UGTk eta CCOO sindikatuen deialdi jendetsuetaz aparte, CGT, ESK, CNT eta Solidari sindikatuek ere manifestazioa deitu zuten goizean. Bertan batasun sindikalaren aldeko mezuak entzun ziren. Bestalde, sindikatuen deialdietatik aparte, murrizketen kontrako eta bestelako politika baten aldeko mobilizazioa deitu zuen Herri Ekimena kolektiboen taldeak asteazken arratsaldean, manifestazio jendetsua burutuz. Grebarekin bat egin ez zuten herritar askok bilkura horrekin bat egin zuen.