Sakandarren parte hartzearekin zehaztuko da hondakin sistema berria

Guaixe 2012ko azaroaren 16a

Auto-konposta, komunitate konposta eta atez ateko bilketa oinarri duen proposamena egin du Mank-ek eta parte hartze prozesuan herri bakoitzaren errialitatera egokituko daSakanako Mankomunitateko presidente Aitor Karasatorre eta erakundeko gerente Adolfo Araiz gaur eguerdian, Iruñean, hondakinak gaika biltzeko sistema berri bat ezartzeko kanpaina aurkeztu dute. "Europako eta Nafarroako legediak ezartzen duena betetzeko". Horretarako egun hondakinak biltzeko dagoen sistema eraginkorragoa egin nahi du Mank-ek eta proposamen bat ondu du. Helburua da errefusa ahalik eta txikiena izatea. Ibarreko herrien errealitatea ezberdina dela kontuan hartuta, ibarreko erakundeak hondakinak gaika biltzeko hiru oinarri proposatu ditu: auto-konposta, komunitate konposta eta atez ateko bilketa mistoa Sakana guztirako izanen ez dena. Norberak etxean edo komunitatean konposta egiteko baliabideak eta prestakuntza emanen ditu Mank-ek. Azken horretarako 7 langile kontratatu ditu Mank-ek eta dagoeneko lanean daude. Beharrezko prestakuntza jaso ondoren, 2 aste barru edo hasiko dira sakandarrekin harremanetan jartzen. Mank-ek 3 informazio bulego zabalduko ditu: Irurtzunen, Etxarri Aranatzen eta hirugarrena Altsasun zabaltzeko asmoa luke. Langileek herri eta auzo guztietara iristen saiatuko lirateke. Parte hartuz Sakandarren parte hartzearekin eta udalerrien ezaugarrien arabera erabakiko da, herriz herri, Sakanako Mankomunitateak ezarri nahi duen hondakinak biltzeko sistema berria. "Ez dakigu noiz ezarriko den sistema berria. Lehentasuna aurretik eginen den lanketa, prozesu parte-hartzailea da. Martxorako has zitekeela aurreikusten dugu, baino ez dago data finkorik, aurre lanketak zehaztuko duelako noiz ezarriko den sistema berria", esan digu Mank-eko burua. "Saio parte-hartzaile batzuk antolatuko ditugu herrietan eta haietan zehaztuko da nola egin bilketa. Aurre-proposamen bat dago, baina gauza asko daude eztabaidatzeko. Herri edo auzo bakoitzean aztertu beharko da nola egin helburua lortzeko. Eta erabakitakoaren arabera eginen da bilketa. Gerta daiteke gu proposamen batekin joatea eta beste bat erabakitzea". Horregatik azpimarratu du gaikako bilketa mistoa dela, "malgua". Eta gaineratu du: "ez da berdina, Arakil, Arbizu edo Etxarri Aranatz". Prozesu parte-hartzailea martxan jartzeko sakandarrak bere udalerrian batzar batera deituko dituzte. "Han teknikariek azalpen guztiak emanen dituzte. Bilera ezberdinetan, denen artean, zer egin erabakiko da". Udalerri bakoitzean behar diren bilera guztiak egiteko asmoa du Mank-ek, "jendeari informazio guztia emateko eta denen artean zein sistema nahi duten zehazteko". Aurki sakandarrek gutuna jasoko dugu etxean. Gaia "lasai" hartzea eta prozesuan eta zehaztapenetan parte hartzera gonbidatzen du Mank-ek. Gerora informazio telefonoa, bulegoan non eta haien ordutegien berri eta herrietako bilerak noiz izanen diren azalduko da gutun horretan. "Jendeak parte hartuko duela uste dut, nahasmen honekin jendea aztoratzea lortu da. Zenbat eta gehiago orduan eta hobe". Informazioa emateko 900 zenbakiarekin hasiko den telefono bat, bloga eta Interneteko sare sozialetan profilak zabalduko ditu Mank-ek. Guztia herritarrei argibideak emateko. Udalekin ere bilduko da Mank eta haiendako prestakuntza izanen da. Altsasuko Udalak gaia aztertzeko batzorde bat sortzea eta herri galdeketa egitea erabaki du. Ibarreko erakundea Altsasuko batzordea sortzeko zain dago harekin bildu, proposamena egin eta erantzuna jasotzeko. Altsasun hasierako planteamendua aldatuko du Mank-ek. Eta gaur egun Altsasun bulegoa zabalduko duen edo ez daki ibarreko erakundeak. Batzordearekin bildu arte Mank ez da altsasuarrekin harremanetan jarriko. Konpostatzeari bultzadaSakanako Mankomunitatearen hondakin bilketa berriaren oinarri handietako bat da etxeetako materia organikoa konpost bihurtzea eta horri bultzada ematea. Horrela eginez gero hondakin asko ez lirateke bildu beharko, "zirkuitutik aterako lirateke". Konposta egiteko bi era proposatzen ditu Mank-ek. Alde batetik, norberak bere etxean egitea. Bestea, komunitate konposta. Azken horretan hainbat etxeetako materia organikoa bilduko litzateke eta etxejabeak arduratuko lirateke konposta egiteaz. Gaur egun ibarrean dauden 234 konpostagailuetatik 2.828ra pasa nahi litzateke. Aukera horiek ez dutenendako beste batzuk ere izanen lirateke. Aurreztea"Beste esperientziek erakusten dute etxean papera, kartoia eta ontzi arinak biltzen baditugu gehiago jasotzen direla". Mankomunitateak bildutako papera eta kartoia saldu egiten du eta bilketa handituko balitz diru sarrera gehiago lituzke. Ontzi arinak egoki bilduz gero, gainera, ibarreko erakundeak isun gutxiago jasoko lituzke. Sistema berriak hondakinen bilketa garestitu egiten du, "zehatzagoa eta txukunagoa egiten delako". Baina hondakinen tratamenduan "diru asko aurrezten zenezake". Konposta egitean bilketa zirkuitutik aterata hondakin gutxiago jaso eta tratatu behar dira. "Aurrezpen bat dago eta konposta egiten duten sakandarrek hobari bat izanen lukete". Materia birziklagarri gehiago sortuko direnez, etekin handiagoa lortuko du Mank-ek. Horrela hondakinen bilketa eta tratamendu kostua txikitzea espero du ibarreko erakundek. "Jasotzen duguna ahalik eta garbiena izatea nahi dugu, tratamendua errazten duelako".Sakandarrek hondakinen bilketagatik ordaintzen dugun kuota bi zatitan banatzen da. Bata bilketa eskumena duenari ordaintzeko (udalak-Mank) eta, bestea, hondakinak tratatzeko eskumena duen Nafarroako Hondakinen Partzuergoari pagatzeko. "Tratamendu kostuak gutxitu nahi dugu proposatu dugun sistema honekin". LanpostuakMateria organikoa Sakanan bertan tratatzeko planta bat egitea ere nahi luke Mank-ek eta eskaera egin dio Nafarroako Gobernuari. "Lanpostuak hemen sortzeko eta Tuterako hondakindegira ez eramateko". Ezinezkoa dirudi, horregatik, materia organiko hori modu eraginkor eta hoberenean tratatzeko bidea jartzea eskatu du Mank-ek. Ibarrean gauzatu daitekeen egitasmo batean parte hartzea proposatu diote Mank-I eta handik sortuko litzatekeen kalitatezko konposta erakundeak komertzializatzea. "Horrek ere kuota jaisten lagunduko du". Gaikako bilketa sistema berriarekin ahalik eta lanpostu gehien sortu nahi luke Mank-ek. "Estatu guztiek legea beteko balute Europan urtean 400.000 lanpostu sortuko lirateke eta guk hor parte hartu nahi dugu". Italiako eskualde batzuetan 200 enpresa berri sortu direla azaldu zuten erakundeko ordezkariek. "Sakanak bizi duen krisiarekin, honek ere lagun lezake". Nola sortuko lirateke lanpostu horiek? Hondakinak gaika biltzean material gehiago daude eta horiek beste batzuk sortzeko baliatuta lortuko litzateke enplegua sortzea. Legedi berriaEuropatik zehaztu denez 2014rako hondakindegiak itxi egin beharko dira eta 2020rako birziklatu daitekeen materialik ezin izanen da erraustu, beraz, gehiago birziklatu beharko da.Helburu horiek lortzeko, 2010eko abenduan Nafarroako Gobernuak Nafarroako Hondakinen Kudeaketa Plan Integratua (NHKPI) onartu zuen. Planean ezarritako helburuen artean dago herrialdean materia organikoaren bilketa ezartzea eta %50 gaika biltzea. Gaikako bilketa horretan material inpropioak gehienez %10 izan behar du. Asmo horiek betetzeko zer eginen duten azaldu beharko diote mankomunitateek Nafarroako Gobernuari, urtea despeditu aurretik. Legediak, beraz, ezinbestean etxean hondakinak gaika sailkatzen hastea eskatzen digu sakandarroi. Aurreko legegintzaldian, 2010ean, hondakinen bilketako emaitzak hobetzeko eta Europako legedira egokitzeko hausnarketa hasi zuen Sakanako Mankomunitateak. Bere plan estrategikoan onartu du aurten hondakinen atez ateko bilketa eta bideragarritasun plana eskatu zuen.  Egungo egoeraSakanan pasa den urtean jasotako hondakin guztien %24,27 jasotzen da gaika. Hau da, edukiontzi berdean ibarreko hondakinen %75 bukatzen du eta beste %25 edukiontzi urdinean edo horian. Pasa den urtean gaika bildutako hondakin laurden horren %45,22 papera eta kartoia ziren eta %11,39 hondakin bereziak. "Urteetan ahalegin handiak egin dira baina ez da lortu gaika jasotako hondakinen kopurua handitzea. Sistema honek ez du gehiago ematen", ziurtatu du Karasatorrek. 20072008200920102011Gaika kudeatuta%24,55%24,62%24,46%25,02%24,27Edukiontzi berdean materia organikoaz gain (%58) beste edukiontzi batzuetan egon beharko luketen hondakinak biltzen dira. "Beste hondakinak materia organikoarekin nahasten ditugunean zaborra bihurtzen dira. Bestela, eraldatu eta birziklatu litezkeen materialak lirateke". Eta edukiontzi urdinean eta horian ere haietan egon beharko ez luketen hondakinak botatzen ditugu sakandarrok. Edukiontzi horian gaikako bilketa ongi egiten ez bada, Sakanako Mankomunitateak isuna jasotzen du. Hori eragozteko eta tratamendu plantara eraman aurretik Arbizuko hondakindegian aurre-aukeraketa egiten da. Eta, hala ere, Sakanako edukiontzi horietatik egon beharko ez luketen kartoia, arropa eta kristala iristen da tratamendu plantara. "Ez dugu ongi egiten eta edukiontzi baten tapa jasotzea besterik ez dago". Sakanako Mankomunitateak hondakinak jasotzeko ardura du. Jasotako horretatik zenbat birziklatzen den ez daki, hondakinen tratamenduaz Nafarroako Hondakinen Partzuergoa arduratzen delako. Horregatik ezberdindu egin ditu birziklatzea eta gaikako bilketa. Mank-eko buruak azaldu digunez, "Europako legedia betetzen duten Alemaniak, Belgikak, Danimarkak, Suediak eta Holandak  edukiontzi berdean hondakinen %3 besterik ez dute jasotzen". Kataluniako 10 urteko ibilbidea jarri du adibide gisa: "beste sistema batzuekin hasita ere, azkenean legea betetzea ahalbidetzen duen sistema bakarra atez atekoa da". Hondakindegia itxitaArbizuko hondakindegia itxita dago. Edukiontzi berdean jasotakoa han botatzen zen. "Materia organikoa usteldu, likidoak sortu eta haiek zaborrean zeuden pila eta metalekin nahasten ziren, likido lixibiatuak sortuz, oso kutsakorrak dena". Gaur egun Sakanako zaborrak Arbizun trailer batean sartu eta Tuterara bidaltzen dira, usteltze prozesutik sortutako gasekin energia sortzeko plantara. "Baina ez du gaitasunik Nafarroako hondakin guztiak kudeatzeko. Esaterako Sakanako 3 kamioitik bat zuzenean Tuterako hondakindegira doa". Kexu "Beste batzuk izan duten jokaerarekin kexu gara" esan du Karasatorrek. Presienteak esan duenez, aurreko legegintzalditik zetorrenarekin jarraitu dute. Plan estrategikoan, bideragarritasun planaren berri emateko batzarrean, baita onartu zen Mank-en batzarrean ere informazioa zabaldu dutela azaldu du Karasatorrek. Alkateei bideragarritasun planaren berri eman zitzaien. "Gero prentsaurrekoan agertu zirenak eta PSN eta UPN ez dira batzarretan egon. Zuzenean informazioa ematea proposatu diegu eta ez dute nahi izan. Gainontzeko taldeek hausnarketa honetan ez dute parte hartu nahi izan". Erakundeko buruak esan digunez, "helburuak betetzeko erabaki tekniko bat proposatu dugu. Legea betetzeko sistema bat baino gehiago dagoenik ez dugu ikusi. Berez, egin beharko den ahalegin bat da". Orain bai baino eta etorkizunean legea betetzeko balioko ez lukeen bitarteko proposamenik ez zuen nahi Mank-ek.  Gaiaren inguruan Sakanan herri-galdeketa gehiago eginen diren berririk ez du Karasatorrek. Eta Altsasun zein galdera eginen den ere ez daki: "legea bete edo intsumisoa izatea nahi duzu? Hori da aurreneko erabakia. Gero helburuak lortzeko nork berak dituen sistema bilketen inguruko datuak eman ditzala". Gobernu atez atekoaren kontraHorixe esan zuen Jose Javier Esparzak asteartean, Nafarroako Parlamentuko Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazio batzordean. Hondakinak biltzeko sistema horrek beste batzuen "kalitate bera" duela esan zuen, "baino kostu handiagoa du langile gehiago behar direlako". Espartzak ere esan zuen atez atekoa "pribatizatzearen kontra" egiten duela "identifikatuak" izan daitekeelako. Osasun arazoak ere sor zitzakeela esan zuen. Teknikariak errefusa nola bideratu aztertzen ari zirela ere azaldu zuen Espartzak.  Kontseilari aldaketa egon dela gogora ekarri du Karasatorrek gogora. Roberto Jimenezekin aurretik egonak ziren eta helburuetan ados zeudela nabarmendu du Karasatorrek. Gobernuan aldaketa izan ondoren teknikariekin biltzen segitu du Mank-eko ordezkariak. "Haiekin adosten joan gara". Kontseilariaren diskurtsoan bi zati bereiztu ditu presidenteak, lehena teknikoa eta bigarrena politikoa. "Egiak ez direnak esan zituen, gu zehazten joanen garenak. Pixka bat bazterrak nahasteko bidean. Guk gurea erabaki tekniko eraginkor gisa defendatuko dugu". Bideragarritasun planaLegediak jarritako helburuak betetzeko aukerak eskatu zizkieten teknikariei. Katalunia 10 urteko esperientzia, Italiako esperientzia zabala eta Gipuzkoako laburra kontuan hartuz teknikariek plana ondu dute. Hiru ardatz ditu: gaika ahalik eta gehien biltzea, lanpostuak sortzea eta aurreztea.