Bihar Topagunearen kongresua Bilbon

Guaixe 2012ko azaroaren 16a

Bihar, azaroaren 17an, Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak bere bigarren kongresua eginen du Bilboko Euskalduna Jauregian, goizeko 10:00etan hasita, "Federaziotik Mundura" lelopean. Kongresura Topagunea osatzen duten 96 euskara elkarte eta entitate deituta daude, tartean hiru sakandar: Bierrik fundazioa, Irurtzungo Aizpea Euskara Taldea eta Altsasuko Kima Euskara Taldea. Azken hilabeteetan Topagunearen antolakuntza, finantziazioa, barne komunikazioa, jarduna eta beste landu dituzte Euskal Herri osoko hainbat elkartek, eta bihar gogoeta horri bukaera emateaz gain, Zuzendaritzak proposatutako ponentzia eta ondorioak bozkatuko dituzte Kongresura bertaratzen direnek. Topagunea Euskara Elkarteen Federazioa 1997an sortu zen eta Euskal Herriko 96 talde eta elkartek osatzen dute. Helburua euskaldunon hizkuntza komunitatea indartzea da, euskararen erabilera sustatuz. Hainbat esparru lantzen dituzte: tokiko hedabideak, haur eta gazteen aisialdia, mintzapraktika, kultur ekitaldiak eta beste.