Nazabal txapelaren bila

Guaixe 2012ko azaroaren 16a

Floren Nazabalek 28. Euskal Herriko Maila Goreneko Aizkora Txapelketako finala jokatuko du igandean Arbizuko kiroldegian, 12:30ean. Urteko txapelketa inportanteenerako sasoi betean dago etxarriarra. Elizondon jokatutako kanporaketan alde handia atera zien Nazabalek arerioei eta inoiz egindako denborarik onena egin zuen (15:13); 1986. urtean Angel Arrospidek jarritako marka (15:16) hiru segundotan ondu zuen. Seigarren txapelaren bilaIgandean seigarren txapela lortzeko aukera dauka Arbizun, etxean, eta katedraren arabera faborito nagusia da. Horrela Arrospide eta Olasagastik dituzten 6 txapelak berdinduko lituzke;oraindik urrun daude Mindegiaren 10 txapelak. Arerioak, nolanahi ere, ez dira makalak: Aitzol Atutxa, Joseba Otaegi, Iñaki Azurmendi, Unai Otaño eta Joxemari Olasagasti. Guztiek 12 pago-enbor erditubu beharko dituzte: 4 kanaerdiko, 4 60 ontzako eta 4 oinbiko. Egurrak Urbasatik jaitsi eta prestatu ditu Sakanan aizkoran ibiltzen den taldeak. Materiala txukuna dela adierazi zuen Nazabalek "Urbasatik egur txukunena ateratzen ahalegindu gara. Igual ez da kanporaketa bezalako egur ona izango, baina moztutzeko modukoa da" azaldu zuen. Ikusmina handia da eta ikusle dexente espero dira.Herri kiroletako urteko ekitaldirik garrantzitsuena ArbizunAtzo aurkeztu zuten maila nagusiko finala, Arbizun. Arbizuko alkate Miren Mendinueta, Nafarroako Herri Kirol Federazioko presidente Joxelu Retegi, Euskal Herriko Federazioko ordezkari Koldo Alduntzin, iazko txapeldun Iñaki Azurmendi eta aurtengo faborito nagusiena den Floren Nazabal izan ziren aurkezpenean. Miren Mendinuetak nabarmendu zuen "Arbizurendako ohorea dela herri kirol ekitaldi nagusienetakoa dena hartzea". Arbizuko Udalak kiroldegiko instalazioak utzi ditu eta egurraren prozedura guztia bere gain hartu du. ETBk saioa grabatu eta arratsalde partean eskainiko du. Floren Nazabalek aipatu zuen urtean nahiko erregular ibili dela eta gustura dabilela. Iazko txapeldun Iñaki Azurmendik aipatu zuen "Floren gainontzekoak baino puntu bat gorago dagoela" eta gainontzekoen artean lehia bizia egongo dela.GERTUTIK. "Garai batean etxean jokatzean sufritzen nuen. Orain, nahiago dut".Finala etxean jokatzeak gehiago animatzen zaitu edo ez diozu aparteko garrantzirik ematen?Garai batean alde horretatik asko sufritzen nuen oso urduria nintzelako. Etxean zenean nahiko gaizki pasatzen nuen, baina orain denborarekin hori gainditu dut eta, agian, hobeto da. Bidaia dela eta, bost minututan Arbizun zaude eta, agian, Bizkaian-edo bada behar duzu ordu eta erdi kotxean. Bidai luzeak izorratzen zaitu. Horregatik nik nahiago dut bertan egitea. Sekulako erakustaldia eman zenuen kanporaketan, markak hautsiz eta errekor berria jarriz. Egurra primerakoa zela aipatu zenuten, baina zu ere sasoi betean zaude, indartsu. Nola sentitzen zara?Momentu honetan nahiko ondo sentitzen naiz. Egia esateko aizkora mundua egurrak markatzen du. Egurra ona bada marka nahiko onak egingo dituzu, egurrak txarrak badira erlojuak aurrera egingo du. Egurrak markatzen du dena. Igandean txapela janzteko faborito nagusia zara katedraren arabera. Hala ikusten duzu zuk?Azkeneko emaitzak ikusita eta urte osoan horretan ibili naizela kontuan hartuta nik badakit lana ona egiten badut hortxe ibiliko naizela. Baina egun denak ezberdinak dira eta ikusi beharko dugu. Nik esperantza handia daukat gauza on bat egiteko.Nortzuk dira zure arerio gogorrenak?Atzetik heldu direnak nahiko berdintsuak dira. Atutxa oso gaztea da, 24 urte ditu eta kanporaketan atzetik izan genuen. Gero Otaegi ere gaztea da. Ondoren, Otaño eta Azurmendi. Azurmendi da joan den urteko txapelduna. Azkenik Olasagasti. Olasagasti zaharrena da eta honek ere badauzka txapelak bere buruan eta errespetu pixkat daukat. Txapela lortuz gero zure Euskal Herriko zenbagarren txapela litzateke?Seigarrena.Hasierak beti dira gogorrak. Nola oroitzen dituzu garai haiek?Esan bezala ni oso nerbiosoa nintzen; probak egiten nituen eta plazan ez nuen maila ematen. Alde horretatik asko sufritu dut. Batera eta bestera joaten nintzen eta ez nuen maila ematen. Txapela lortzeko asmoa izan eta gero dena okertu daiteke, eta ezin nuen gauza handirik egin.Baina aita aizkolaria zen eta etxetik laguntza handia izan dut. Inportanteena hauxe da. Gaur egun aizkolari batek ez badauka etxeko laguntza oso zaila da aurrera ateratzea eta nik hori dena izan dut. Alde horretatik dena izan dut eta ez dut sufritu.Egun aizkolari onena zara. Gorenera heldu zara edo oraindik hobetzeko margena duzu?Hemendik aurrera ia adinez sartuta nago. Aizkoraren munduan edadea izan behar da eta ustez ni edade mugara ailegatu naiz. Alde horretan egin behar dudana da ahal dudana mantendu. Baina hobetu, ez dakit.Zenbatu al dituzu inoiz etxean dituzun txapelak?Ez dakit seguru baino hirurogeitik gora dira. Egia esateko ez dakit, baina aldi batean hasi nintzen kontatzen eta hirurogei inguru pasatxo ditut.Nafarroako Lehen Mailako Aizkora txapelketa irabazi zenuen aurten Etxarri Aranatzen, Nafarroako 6. txapela jantziz. Gainera, aizkora australiarrak erabili beharrean Etxarri Aranatzen sortutako aizkora erabili zenuen. Nola sortu zen Etxarriko aizkora egiteko ideia?Etxarrin bada gizon bat, Jesus Etxarri, eta bizi osoan fundizioan eta enpresari lotuta egon da. Berari bururatu zitzaion posible zela holako aizkora sortzea eta guk alde horretatik lagundu dugu.Jesus Etxarriren burutazio izan zen, beraz?Bai. Berak esan zuen erraza zela edo, beno, posible izango zela holako aizkora sortzea. Ez zegoen sentidu handirik Australiatik ekartzea aizkorak hemen egitea posible bazen eta bera hasi zen eta sortu zuen. Momentuz lortu dugu.Zu arduratzen al zara mekanizazioaz eta komertzializazioaz?Ez. Beno, mekanizazioaren aldetik Etxarrik egiten du funditu eta atentzioa eman eta nik egiten dudana da prestatu eta aukeratu aizkora: ea zer kalitate duen eta holako gauzak. Bat edo bat saldu dut, baina beno ez naiz sartu komertzializazio mundu horretan.Non sortu zenuten aizkora? Fundizioa ez dakit non dagoen baina badakit Gasteizen funditu zela eta tenplea eta itxura eman Iruñean egin dutela. Baina nik ez dakit ziur, ni ez naizelako ibili horretan. Etxarri ibili da eta berak badaki non egin den. Nolakoa da Etxarrin sortutako aizkora? Australiarrak bezain hobea?Aizkora mundua mundu bat da. Aizkora bat egur bat mozteko oso ona izan daiteke baina alderantziz ere gerta daiteke, okerragoa izan daiteke. Baina hauek igualtsuak dira. Australiarrak etortzen direnean aizkorak oso ezberdinak dira; batzuk onak eta beste batzuk txarrak. Hauek duten gauza ona da denak berdintsuak direla.Zutaz gain norbaitek probatu al du aizkora? Eta zer dio?Erdozia ibiltzen da ere. Gustura ari da. Berak ere Erdoziaren aita prestatzen ari da aizkora.Euskal Herriko finalean aizkora hori erabiliko duzu?Momentuz probatzen ari naiz aizkora eta ahal badut hori erabiliko dut, bai. Aizkora erosteko nora joan behar da?Aizkorak etxean dauzkat eta bat edo batek nahi balin badu nirekin kontaktuan jarri dadila. Internet bidez ere saltzen dituzte baina ni ez daramat hori eta ez dakit nola doa.