Sakana talde mistoetako txapelketan

Guaixe 2012ko azaroaren 19a

Nafarroako Goma Gaineko Sokatira Txapelketako hirugarren saioa hartu zuen igandean Latasak. Saio horretan hasi zen, hain zuzen, Nafarroako Talde Mistoen Txapelketa. Bertan neskez eta mutikoz osatutako hiru talde ari dira lehian, sei tiratzailek osatutako taldeak, 420 kilotan. Ondoko taldeak dira: Basaburua-Imotz, Berriozar eta Sakana-Amaiur. Sakana Sokatira Taldeko neskek Amaiurrekoekin osatu dute taldea. Txapelketak bi jardunaldi izango ditu. Latasako lehen jardunaldi horretan Berriozar izan zen onena, 3 puntu eskuratuz, Basaburua-Imotz bigarrena, 2 punturekin, eta Amaiur-Sakana azkena, puntu bakarrarekin. Larunbatean jokatuko da bigarren eta azken jardunaldia, Berriozarren, 17:30ean.