Kultura ijitoa gonbidatu dute aurten Durangoko azokara, ikustarazteko

Guaixe 2012ko azaroaren 20a

Abenduaren 6tik 9ra izanen da aurten Durangoko 47. Liburu eta Disko azoka. 4 egun 5 beharrean, baina aurkezpenean nabarmendu zutenez, "inoizko egitaraurik zabalena izango du": 300dik gora ekitaldi izanen dira azokaren barruko guneetan.Ijitoen kultura izanen da aurten Durangoko Azokan kultura gonbidatua, eta kultura horren ordezkari den Kale Dor Kayiko elkarteko Manuel Vizarraga presidenteak esan duenez, "gure ametsetako bat bete dugulako hunkituta gaude, Euskal Herriaren bihotzean egon ahalko garelako".Durangoko Azokako egitaraua Kale Dor Kayiko elkartearen laguntzarekin antolatu dute "askorentzat ikusezin bezain urrunekoa" den kultura hori ezagutarazteko. Euskal Herritar guztiak gonbidatu ditu "nolakoan garen ikustera, elkar ezagutu eta errespetatzera". Euskal Herrira heldutako ijitoen hizkuntzari, euskara eta erromanieraren elkartzetik sorturiko "erromintxelari", buruzko hainbat hitzaldi eta mahai inguru izanen dira Azokan. Ijitoen kultura ezagutzeko, haurrendako tailerrak, ipuin kontaketa saioak eta jokoak ere antolatu dituzte. Azokako gune guztietan izanen du isla ijitoen kulturak. Aiert Goenaga azokaren zuzendariak azaldu duenez, gainera, besteak beste, flamenkoa, txalaparta eta bertsoak uztartuko dituen ikuskizuna prestatzen dabiltza. Abenduaren 7an eskainiko dute, Plateruenean.Elkarlana ardatzElkarlanaren garrantzia azpimarratu zuten aurkezpenean: "Aurreko urteetan bezala, elkarlana ardatza izan da egitaraua antolatzeko, eta guneak kudeatzeko", esan zuen Nerea Mujikak.Durangoko Azokaren izaera irekia eta parte-hartzailea erakusten duten ekimenak "finkatu eta indartzea" helburu dute antolatzaileek aurten, eta horren adibide da disziplina berriei leku egiteko joan zen urten sorturiko Irudienea, Szenatokia, eota K@bia guneak egonkortuko direla aurten.Aurreratu dutenez, 88 emanaldi izango dira aurten Ahotsenea gunean, eta egitarau oparoa antolatu dute Berbaro elkarteak kudeatzen duen Saguganbara haurrentzako txokoan ere.Aurten Plateruena kafe antzokiko emanaldiak Durangoko Azokaren egitarau ofizialaren parte izango dira. Aurkezpenean esan dutenez, "erreferente bilakatu dira Platerueneko kontzertuak". Azaldu dutenez, Landakogunean Durangoko azoka zabaldu baino astebete lehenago ekingo diote Platerueneko programazioari.