Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
1950.eko hamarkada, Euskal Herria zein deserria. Gezurra badirudi ere, askotan, euskalgintzan izaten diren eztabaidek buklea dirudite. Behin eta berriz eztabaida bera, behin eta berriz posizioen errepikapena. Horrela bada, garaiko euskal pentsalari ezberdinei euskararen suspertzerako beharrezkoa zena idaztea eskatu zieten. Zeintzuk ziren euskararen erronkak, zeintzuk bere ahulgune eta indarguneak. Tartean, euskaraz idazten zuten gehienak apaizak ziren, dotrinaren zuzentasuna gordetzearen aldekoak. 1950.eko hamarkada, Paris. Bertan Jon Mirande, Krutwig edo Andima Ibiñagabeitia bezalako idazle eta intelektualak biltzen ziren. Ibiñagabeitiak, aurreko eztabaidari bere ekarpena egin zion, eta bere ustez, argi zegoen arazoa zein zen: Euskaraz askotan ari gara gauza eder eta jasoen inguruan hizketan: "tasunak", azken finean. Baina inork gutxik idazten zuen "kerien" inguruan, eta horretan garrantzia zuen bat: lizunkeria, pornografia, alegia. Bere ikuspuntua argia zen: herri baten kulturan gauza jasoak eta gauza ilunak ekoizten dira; kalitate handiko produktuak eta ziurrenik, inongo kalitaterik ez dutenak. Gainera, produktu bakoitzak bere merkatua du eta, zoritxarrez, gauza ilunek, oso jasoak direnek baino merkatu handiagoa dute. Garaiko apaizekin euskarak arazoa zuen: hizkuntza erlijiosoa bilakatzea, Ama Birjina bezala, bekaturik gabekoa.2010.eko hamarkada, Euskal Herria. Ikusten dugu zein den panorama: Guaixe edo Beleixe bezalako proiektuak kinka larrian daude. Berriak ere ziztada behar du. Azken finean, kultura urria den honetan, euskarazko kultura egitea zailagoa egiten zaigu. Aldi berean, erronka berriak ditu euskarak: TDTaren jaiotzarekin 6-7 kanal izatetik 40 bat kate izatera pasa gara, horietako gehienak gazteleraz, guztiak, Nafarroako hainbat txokotan. Internetek euskaraz edo erdaraz kostu berdina du, baina jende euskalduna murritzagoa dela argi dago. Gainera, monopolioak daude: argitaletxe bakarra (ikus Durangon hiru aste barru), egunkari bakarra... eta hori gutxi balitz, euskara kalitatearekin lotzen jarraitzen dugu. Arazoa jada ez dago apaizen pulpituetan, kultura mailan baizik.Ibiñagabeitiak, lizunkeria euskaraz egitea proposatu zuen. Mirandek egin zuen, baita ondo egin ere. Baina ez da nahikoa: pornografia baino okerragoak ere egin beharko genituzke euskaraz. Adibidez, Gandia Shore, edo Mujeres, Hombres y viceversa. Koprofagiak ez du euskaraz zapore hobea, baina jendarte koprofagoan bizi garen heinean, euskarazko kaka ekoizten hasi beharko garela pentsatzen dut. ETBk saiakera egin du, "El Conquis" saioarekin, Euskal Herrira realityaren ideia ekartzeko. Ez dut mendira joan nahi, ez dut Ternuak babestutako saiorik nahi. Ez dut euskarazko saio sexualik proposatzen. Nire proposamena harago doa: sal dezagun, euskaraz, jendarteak bilatzen duena. Jendarte lobotomizatua izango dugu, berdin berdin, baina euskalduna.Galder Gonzalez Larrañaga