Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Larunbateko kongresuarekin hiru urteko hausnarketa bukatutzat jo zuen Topaguneak, Euskara Elkarteen Federazioak. Topagunean, Bierrik fundazioa, Aizpea eta Kima euskara taldeak biltzen dira. Beste 93 elkarterekin batera azken hilabeteetan, mugimenduaren antolakuntza, finantzazioa, barne komunikazioa eta jardunari lotutako gaiak landu dituzte. Larunbateko kongresutik hiru ondorio atera ditu Topaguneak. Batetik, euskararen normalizazioan aro berri bat ireki behar dela. "30 urteko ziklo bat bukatu berri da euskalgintzan, eta lorpen handiekin batera, goia jo izanaren sentsazioa ere utzi du mugarri horrek. Berrikuntza eta hausnarketa beharra dago". Bestetik, gizarte mugimendua indartzeko apustua eginen du. Eta, azkenik, lankidetzaren aldarrikapena egin du: "Norbanakoak, gizarte eragileak eta herri erakundeak elkar hartuta euskarari etorkizun hobea emateko". Topaguneak, euskaltzale, gizarte eragile eta erakundeei ziklo berri horren oinarriak elkarrekin jartzeko gonbidapena luzatu zien larunbatean.