Sakandarrak Nafarroako Pilota Txapelketetako azken fasean

Guaixe 2012ko azaroaren 21a

Nafarroako Txapelketen eskuzko eta erremintazko Txapelketako klasifikazio fasea despeditu berri da. Lehen mailan Uharte Arakilgo Aralar Mendi eta Irurtzun eskuz banakako azken faserako sailkatu dira, Uharte Iruñarekin batera, eta Irurtzun, Uharte Iruñea eta Buruzgain eskuz binakako azken faserako sailkatu dira. Klasifikazio faseko azken jardunaldian, buruz burukoan Aralar Mendiko Irañetak 18-1 galdu zuen Paz Zigandako Etxeberriren kontra, baina orain arte partidarik galdu ez zuenez, Irañetak aurrera egin du eta azken fasean ariko da. Bestalde, Irurtzun irabazi beharrean zegoen azken fasera heltzeko eta hala egin zuen Armendarizek, Oberenako Garciari 18-15 irabazita. Aralar Mendik zuzenean jokatuko du buruz buruko finala, eta Irurtzun eta Uharte Iruñeak finalerdiak jokatuko dituzte. Bestalde, klasifikazio faseko azken jardunaldian, binakakoan, Irurtzun taldeko Ezkurdiak eta Bergerak 22-6 irabazi zieten Oberenako Artutx eta Lukini. Azken fasean Irurtzunek eta Buruzgainek finalerdiak jokatuko dituzte, eta garaileak Uharte Iruñea izango du aurkari finalean. Nafarroako Txapelketen 2. mailan finalerdietan sartuta daude. Altsasuk eta Oberenak jokatu beharreko joaneko partidak ezin izan ziren jokatu, Altsasun aritu behar zen pilotari bat Espainiako Pilota Federazioak konbokatu zuelako. Hortaz, asteburu honetan jokatuko dira lehiak.