Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Euskara hutsez aritzen diren eta publikoak ez diren hedabideek sortu dute HEKIMEN, euskal hedabideen elkarlana bideratuko duen elkartea. GipuzkoaBerritzenek lagunduta, bi urteko prozesuaren fruitua izan da elkartearen sorrera, "bakarka baino, elkarrekin hobeto egingo diogu aurre bizi dugun krisi latzari". Euskararen komunikazio esparrua txikia, ahula eta hauskorra izanda ere, 600 bat langile ditu eta ehunka mila pertsonengana iristen da.Elkartearen baitan Euskal Herriko 54 hedabide biltzen dira. Horien artean daude Guaixe astekaria eta Beleixe Irratia (FM 107,3). Sakanako hedabideak, tokiko hedabideak biltzen dituen Tokikom enpresaren bidez egonen dira ordezkatuak HEKIMEN-en. Elkarte berriko zuzendaritza Argia, Berria, Euskal Irratiak, Gaur 8, Gazteberri, 11amaika Telebista, Tokikom eta Xaloa Telebistako ordezkariek osatzen dute. Presidentea Tokikom-eko Iban Arantzabal izanen da eta kargua urtero berrituko da. ZereginaHEKIMEN euskarazko komunikazio esparruaren ahots bateratua izanen da gizartearen aurrean agertzeko, instituzioekin hitz egiteko, gure kezkak agertzeko eta indarra elkarrekin azaltzeko. Elkarteak dituen erronka hurbilen artean Eusko Jaurlaritza eta haren ordezkariekin harreman finkoa bideratzea dago; diru-laguntzaz, publizitate instituzionalaz, mintzakidetza iraunkorraz, eta abarrez hitz egiteko. Uda aurretik, Jarduneko Jaurlaritzarekin eta EAEko hiru diputazioekin osatuta utzi zuten, "elkarrizketa mahaia eta lan-eremu hori emankorra izan dadin egingo dugu lan".Horretaz gain, Euskal Hedabideen Behatokia sortu nahi du HEKIMEN-ek. Unibertsitateak, instituzioak eta hedabide publikoak bilduko lirateke han eta bere egitekoak honakoak lirateke: ikerketak egitea, audientziak, teknologia berriak, beste hizkuntzetako esperientzien azterketa... Euskararen komunikazio esparru sendoa garatzeko behar dugun guztia helburu hartuta. Elkarte sortu berriaren iritziz "euskal gizarte moderno eta kohesionatua eratzeko garaia da, azken hamarkadetan sortutako gizarte hedabide sare zabala behar bezala babesteko". HEKIMEN-eko kideek "gure herrietan, euskal gizartean, Europan, munduan gertatzen denaz ondo informatua egongo den euskal herritarra nahi dugu. Teknologia berriek eta Internetek ekarritako aldaketetara egokitzen ari gara etengabe, eta aurrera begira ere erronkak itzelak dira". Zein hedabidek sortu dute HEKIMEN?Aizu!, Argia, Berria, Elhuyar, Euskal Irratiak, Gaur 8 / Zazpi Haizetara, Gazteberri, Gaztezulo, Goierriko Hitza, Hik Hasi, Irria, Irutxuloko Hitza, Hamaika Telebista, Jakin, Lea-Artibai eta Busturialdeko Hitza, Oarso-Bidasoako Hitza, Sustatu.com, Tolosaldeko Hitza, TOKIKOM [28 Kanala, Aiaraldea.com, Aikor, Aiurri, Anboto, Antxeta Irratia, Baleike, Barren, Bierrik (Guaixe+Beleixe Irratia), Bilbo Hiria Irratia, BLB (Berton + Prest), Erlo Telebista, Euskalerria Irratia, Galtzaundi, Goiena, Goierri Irrati Telebista, Hernaniko Kronika, Hirinet.net, Karkara, Mailope, Noaua!, Pil-pilean, Topagunea, Ttipi-Ttapa, Txintxarri, UK, Ukberri.net, Uztarria], Xorroxin Irratia, Urola Kostako Hitza, Uztaro, Xaloa Telebista eta Zuzeu.com.