Gobernu Ordezkaritzak pintadak kentzeko eskatu die bi udali

Guaixe 2012ko azaroaren 22a

Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak eta Nafarroako Gobernuak sinatu duten lankidetza protokoloa indarrean jartzen hasi da aurreneko erakundea. Protokolo horren helburua da "zenbait udalerritan dauden eta terrorismoari goraipamena eta gorazarre egiten dioten pintadak, kartelak edo pankartak kentzea, haiek erakutsiz biktimak mespretxatzen eta makurrarazten baitira".Arbizu eta Etxarriko udalei eskatu die hainbat pintada kentzeko, garbiketako zerbitzu publikoko udal eskumen betez. Hilabeteko epean egiten ez badute, Nafarroako Gobernuak eginen du eta, ondoren, kostua udalei pasako die. PintadakGuardia Civilak egindako txostenean oinarrituta Arbizuko Udalari 3 pintada kentzeko eskatu diote: batetik, elizan dagoen ETAren anagramaren murala; bestetik, haur parke bateko txirristan dagoen Gora Segi pintada eta, azkenik, etxola batean dagoen ETAri buruzko pintada eta aldamenean duen Alde Hemendik eta tatxatutako trikornioa. Etxarri Aranazko Udalari bi eskaera egin dizkiote. Batetik, Eraga etorbidean dagoen murala kentzeko. Hartan Juan Ignazio Erdozia Larraza, Pello Mariñelarena Garziandia eta Josu Zabala Salegi hildako ETAko kideen irudia agertzen da, Eduardo Chillidak egindako Amnistiaren logotipoa eta sugea eta aizkora. Horrekin batera, udaletxean dagoen Bautista etxia dioen pintada borratzeko eskatu diote udalari.Diru-laguntzak etenNafarroako Gobernuak udalei diru-laguntza ematen die alkateei eta zinegotziei diru-saria eman diezaieten. Etorkizunean Nafarroako Gobernuak diru-laguntza horiek kendu ditzake baldin eta udalen batek ez badu Ikurren Legea edo Terrorismoko Biktimak Laguntzeko Legea betetzen. PPk proposatu zituen emendakinak Toki Ogasunen Funtsari buruzko Legean jasoko dira. UPN, PSNk eta PPk alde bozkatu zuten. E-Ik kontra bozkatu zuen eta Franquismo sinboloak sartuko ote zituzten galdetu zuen. NaBaik eta Bilduk bilera utzi zuten eta erabakia "atzerakada demokratikotzat" jo zuten, Nafarroako Gobernua "epailea eta partea delako".