BGEko diru-laguntza erdian utzi du gobernuak

Guaixe 2012ko azaroaren 22a

Babestutako Gizarte Enplegu programa aurrera eramateko Burunda mendebaldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen mankomunitatearen egitasmoak 218.743,05 euro jasotzeko balorazioa izan zuen. Baina Nafarroako Gobernuaren aurrekontu murrizketengatik 109.510,26 euro besterik ez ditu jaso, %49,93 gutxiago. Hala salatu du Mankomunitateko juntak eta Altsasuko Udaleko Ongizate Batzordeak (Bildu, Geroa Bai, Aralar, IU eta PSNren botoekin). Burundarrek salatu dutenez, "herritarrak bizi duten egoera dramatikoak arintzeko udalek dugun tresnetako bat gabe uzten digu gobernuak". Heldu den urterako gizarte enplegua sustatzeko murrizketa gehiago iragarri ditu gobernuak. Aurreko urteetan Burunda mendebaldeko BPE programaren bidez kontratatutako pertsonak urte guztirako kontratua izan zuten. Aurten, murrizketa dela eta, urte erdiko kontratuak egin ziren, gerora pertsona horiek beste laguntza batzuk eskuratzeko eskubidea izateko, "zuten egoera larria arintzeko". Bestalde, aurten programa bukatzeko eta bi langileren kontratuak ez mozteko Altsasuko Udalak 3.000 euroko ekarpen gehigarria egin behar izan du.