Zure pisua edo komunitatean konposta egin nahi al duzue?

Guaixe 2012ko azaroaren 22a

Hondakinak tratatu eta murrizteko sistema da konpostatzea, eta hori bere komunitatean erabiltzea ongi legokeela pentsatzen duenak orain du aukera: Sakanako Mankomunitatera jo (948 464 867 telefonoa edo info@sakana-mank.com e-posta) eta ikastaroak edo informazio guztia jasoko ditu. Mank-ek, gainera, etorkizunean komunitate konpostatzeari buruzko erakustaldiak antolatuko ditu. Ibarreko erakundeak hondakinen tratamendurako proposatzen duen sistema berriak hiru ardatz ditu: atez ateko gaikako bilketa, autokonpostatzea eta komunitate konpostaketa. Autokonpostatzea nork bere etxean edo pisuan konposta egitea da, gero baratzean, belardian edo landareetan ongarri gisa erabiliko dena. Komunitate konpostaketa, banakakoaren bera da, baina portaleko bizilagunen artean kudeatu eta aprobetxatzen da. Gainera, Mank-ek konposta egiten dutenei zaborren tasatan hobariak eskaintzen dizkie. Etxean sortutako hondakinak bereiztean eta materia organikoa konpostatzean hondakinen tratamendurako azpiegituretara materia gutxiago iristen da. Instalazio horietara iristen denaren %30-40 birziklatu daitekeen materia organikoa baita. Zer da konpostajea?Prozesu biologiko bat da. Konpost-ontziaren barnean sartu dugun materia organikoak deskonposizioa hasten du, oxigenoak eraginik. Orduan, elikagaien zikloa ixten da, materia organikoa degradatu eta landareek beharrezkoak dituzten gai mineralak haien eskura jartzen dituelako.319 konpost-ontziSakanan gaur egun banatuak daudenak. Mank banakoen, ikastetxeen eta beste erakundeen eskaerak jasotzen ari da.