Kutur zikloa 2012

Guaixe 2012ko azaroaren 30a

Programazio osoa ikusi nahi baduzu: www.kulturzikloa2012.comEuskarabideak Lagun Aro Giza Begirada Fundazioarekin batera kultur-zikloa 2012 antolatu du antzerkiaren bidez euskararen erabilera sustatzeko helburuz. Osotara 7 antzerki-talde eta ipuin-kontalarien 20 ikuskizun euskaraz programatu dituzte. Lodosa, Zirauki, Irurtzun, Arano, Tafalla, Larraintzar, Basaburua, Martzilla, San Adrian, Leitza, Viana, Castejon, Olazti, Galar Zendea, Gares, Doneztebe, Atarrabia, Noain, Oibar eta Egesibar izan dira aurtengo protagonista. Sakanaldean, Irurtzunen pasaden azaroaren 10ean Ines Bengoaren eskutik "Rum Rum Rock" izeneko ikuskizuna ikusteko aukera izan genuen eta datorren abenduaren 14an Olaztiko Kultur Etxean Ion Barbarin-en "Tximino Jakintsua" bakarrizketa ikusteko aukera izango dugu, gaueko 22.30ean. Denok dakigu krisi garai latzean murgilduak gaudela, gero eta murrizketa eta zerbitzu publiko gutxiagorekin, gero eta zor eta zerga handiagoekin, gero eta lanpostu eskaintza gutxiagorekin, eta abar luze-luze batekin. Baina etxean geratzea ez da irtenbidea. Kultur ziklo honen atzean artista asko lanean daude eta ez ahaztu, haiekin joanez gero, momentu batez hegan egingo dugula beste mundu batera bidaiatuz eta ziurrenik hausnarketa garrantzitsuak eta beharrezkoak egingo ditugula bueltan. Arte Eszenikoa ez da entretenimendu hutsa, Artea adierazpen modu bat da, komunikatzeko eta eztabaidatzeko bide bat. Artearen bidez eraldaketa eta transformazioa lortzen ahal da. Ondo pasatzeaz gain, pentsatu eta hausnarrarazten digu. Aldaketa handiak, aldaketa txikietatik etor daitezke. Beraz, atera gaitezen etxetik, proposamenak egin ditzagun, besteon proposamenetan sar gaitezen... Azken finean,  denok dakigu kritikatzen, primeran gainera. Auto kritika zein besten kritika egitea beharrezkoa da, ezin dugu alde batera utzi, baina horrekin bakarrik ez dugu ezer aldatuko. Proposamenak, ekintzak, indarra eta itxaropena gure barrutik kanpora atera behar ditugu. Konpromisoa eduki behar dugu, norbanakoarengan zein gizartearengan. Miguel de Unamunok zioen bezala, "Aurrerapena aldaketan datza". Eta ezin dugu ahaztu ere Roberto Pettinatok zioena "Irribarrea, munduko obra sozial merkeena eta eraginkorrena da". Beraz, ez dezagun inoiz galdu irribarrea. Gaur irribarre egin duzu? Igo itzazu masailak gora, ahoa irekiz... jeje... orain bai! Hobeto zaudela? Erkuden de Andrés Imazwww.hegandream.com