Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Larunbatean batzar orokorra egin zuen Burunda Txirrindularitza Klubak Altsasuko Iortia Kultur Gunean. Aurreko akta onartu eta gero 2012ko aurrekontuaren errepasoa egin zen: 33.621 euroko diru sarrerak eta 33.519 euroko gastuak izan ditu Burunda Txirrindularitza Klubak. Eta segidan txirrindularitza taldeek denboraldian egindako lanaren errepasoa egin zuen Burundako presidente Pablo Jimenezek. Aurten 48 txirrindulari aritu dira eskola mailan - hasi berriak, kimuak eta haurrak - , kadeteetan eta amateurretan. Emaitzak aintzat hartuta, eskola mailan gynkanan 18 lehen postu eta lasterketetan 13 lehen postu lortu dira. Gainera, Nafar Kirol Jolasetan lehen postua lortu dute Ailetz Lasak eta Iosu Gabirondok. Kadeteen Quesos Albeniz taldeak lasterketa bat irabazi du eta 7 bigarren postu eta 4. postu bat lortu ditu. Horretaz gain, mendian lehen postu bat eta tarteko helmugetan 3 lehen postu eskuratu dituzte. Bestalde, Ibai Azurmendi Euskadiko txapeldunordea izan da, Nafar Kirol Jolasetako txapelduna eta Nafar Kirol Jolasetako tartekako helmugan txapeldunordea. Eta Eneko Aramendia Nafar Kirol Jolasetan mendi txapelduna izan da. Rural Kutxa afizionatuaren 27 garaipenakBurunda Txirrindularitza Taldeko Rural Kutxa talde afizionatuko teknikariak, A. Mazkiaranek, denboraldiko balorazioa egin du. Datuak potoloak dira: 27 lehen postu lortu ditu Sakanako taldeak, 35 bigarren postu eta 42 hirugarren postu. Nota bikaina, beraz. Bestalde, taldeka 40 aldiz nagusitu da Rural Kutxa. Lasterketa batzuk aipatzearren, Lehendakari Txapelketako talde onena izan da Rural Kutxa, Espainiako txapelketako lehen eta hirugarren postuak eskuratu ditu, Espainiako Kopako Aiztondo klasikoa irabazi du, Espainiako Kopako Don Beniton lehen postua lortu zuen eta Orenseko penintsulako txapelketako lehen eta 4. postuak. Aurten hiru txirrindulari pasatu dira profesionaletara: Ruben Fernandez Rural Kutxa talde profesionalean ariko da, Rafael Reis talde portugaldar batera joango da eta Johan Van Zil Hegoafrikako talde batera. Hurrengo astetan beste bi txirrindulari pasako direla ere gaineratu zuen zuzendariak. Bestalde, hurrengo denboraldirako taldea nahiko perfilatuta dagoela adierazi zuen. Momentuz 17 txirrindulariko taldea osatu dute. Ekitaldia bukatzeko Euskalteleko Adrian Saez de Arregi txirrindulariak, bere garaian Rural Kutxatik pasa zenak, ikasturte bukaerako trofeoak eta Katealde enpresa babesleak emandako opariak banatu zituen.