Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariak eta Sakanako Langabetuen Asanbladako kideak gaur sinbolo baten aurrean elkartu dira: duela 3 urtera arte Gamesa eta ondoren 9 hilabetez Fluitecnik enpresa hartu zituen lantegi hutsaren aurrean kontzentratu dira. "Gure eskualdeak bizi duen egoera islatzeko eta aurrera begira jarraitzeko eskaintza eta deialdia egiteko" elkartu direla adierazi du LABeko Sakanako ordezkari Gaizka Uhartek. ELAko ibarreko arduradun Gorka Viergek krisialdia hasi zenetik 1000tik gora langabetu berri daudela Sakanan gogora ekarri du. Eta salatu du Nafarroako Gobernuak ibarra baztertuta daukala. "Sakanarako industria politikarik ez du eta larru gorritan uzten gaitu horrek". Apustu "falta" hori bera nabarmendu du Uhartek. Sakanarako plan baten beharra aldarrikatu du. Ibarreko eragile gehienak adostasun batera iritsi zirela eta Nafarroako Gobernua haren garapenean ez zela inplikatu salatu du Uhartek. Ibarrerako eredu propioa aldarrikatu du, "sakandarron beharrei erantzuteko, ez kapitalarenari". Viergek, bestalde, aldarrikatu du ezinbestekoa dela instituzioen parte hartzea eta murrizketak baztertzea. "Horiek ez dute ezta lanpostu bat bera ere sortzen. Ezinbestekoa da Sakanako agenteekin kontatzea. Behintzat jendeak etorkizuna izan dezan, batzuek Sakanatik alde egin dute hemen lan egiteko aukerarik ez dagoelako". Azkenik, gaur bildu direnak etxe-gabetzeen kontra bihar Iruñean eginen den manifestazioan parte hartzera deitu dute.