Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Kalejira baten bidez ezabatze eguna ospatu zuen Sakana Euskal Herrian Euskaraz-ek (EHE) Altsasun. Hizkuntza eskubideak urratzen dituzten lekuak nabarmendu zituzten: epaitegia, udaletxea, osasun-etxea eta eskola, besteak beste. Euskal hiztunak "bigarren mailako herritarrak" bihurtzen direla azaldu dute. EHEko kideek hizkuntza politika errotik aldatu beharra dagoela nabarmendu dute. "Bestela, egungo egoera aldatzetik urrun izanen gara, eta euskaldunok bigarren mailako herritar izaten jarraituko dugu, ez dugu euskaraz bizitzeko eskubiderik izango". Euskarak, biziraungo badu, bere herrian lehentasuna behar duela adierazi zuen. Hori lortzeko ezinbesteko jo dute "ofizialtasunaren eta kanpo esku hartzerik gabeko hizkuntza politika burujabea". Bestalde, larunbaterako Kontseiluak Donostian deitutako manifestazioan parte hartzera deitu du EHEk. KalejiraEuskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatu du Sakanako EHEk. Ezabatze kalejira Altsasuko Foruen plazan hasi zen eta lehenengo geralekua Bake epaitegia izan zen; bertan, euskaldunek epaiketak itzultzaile batekin egin behar izatea kritikatu dute. Ongi dakite zer den hori, izan ere, EHEko bi kidek ezin izan zuten bere burua defendatu euskaraz aitortu nahi zutelako, eta itzultzailea ez zegoelako. Ondoren, kalejira udaletxera abiatu ziren, zenbait dokumentu eta langileen artean euskaldunak ez daudela salatzeko. Osasun-etxean herritarrek ere zerikusia dutela iritzi du EHEk; izan ere, ezjakintasunagatik ez dute euskaraz egiten. Dena dela, sendagileek euskara ez dakitenez "beste" eskubide urraketa baten aurrean gaudela adierazi dute. Eskolak euskalduntzeko beharra aditzera emateko Zelandira joan ziren. D ereduak umeak euskalduntzeko dituen arazoak argi geratu direla eta Altsasuko ikastetxean A eta B eredua egotea kritikatu dute. Kalejira Foru plazan amaitu zen. Bertan, euskal hiztunen eskubideak urratzen direla azaleratu zuten, "baina, benetan euskaldun egiten gaituena herritarrok euskaraz egitea eta herritarrak euskalduntzea da", gaineratu dute EHEko kideek. Ezabatze eguna gaztetxean despeditu zen, EHEk egindako bideo baten emanaldiarekin.