Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Etxarri Aranaz aldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea aspaldi ari da haur, gazte eta familiekin lan egiten. Haiekin lan egiten dutenean, modu orokorrean aritzen dira, "haurrengan eragina duten arlo guztiak hartzen ditugu lana eraginkorragoa izan dadin". Baina gizarte zerbitzuez gain beste aktore batzuk ere parte hartzen dutenez haurren eta familien ongizatean, sare bat sortu beharra sentitu zuten Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko langileek: "arlo guztietan hizkuntza eta protokolo bateratu bat eramateko denak ados jartzea". Hori dela eta, ikastetxeko orientatzaile eta irakasleak, osasun arloko teknikaria, foruzainak eta gizarte zerbitzuetako teknikariak bi lan-saiotan bildu dira azaroan. Tratu txarren inguruan aritu dira lanean: definizioak, indikadoreak, ondorioak, arrisku faktoreak, prebentzio faktoreak, babesteko aukerak.....Eta lan saio horien ondorioa izan da sarea osatzea. Bere helburuen artean dago haurrengan tratu txarrak aldez aurretik antzematea eta esku- hartzea. Horrekin batera, haur eta nerabeekiko tratu ona bultzatuko du sare sortu berriak. Gainera, eskualdeko haur eta familiekin lan egiten duten profesionalen inplikazioa bultzatu, helburu eta ekimen bateratuak sortuko ditu. Sareko kide guztien prestakuntza bateratua sustatuko du, lana eraginkorra izan dadin. Azkenik, sarea bere kideek dituzten zalantza eta kezka profesionalak trukatzeko bitartekoa izanen da. Hurrengo bilera ilbeltzean du. Antzeko sarea Burunda mendebaldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetan sortu da aurretik.