Europako landa-garapenaren eta Nekazaritzako Politika Bateratuak ezagutzeko jardunaldiak

Guaixe 2012ko azaroaren 30a

Europar Batasuna 2014-2020 aldirako nekazaritza- eta landa-garapeneko politikak zehazten ari da. Aldaketa nabarmenak iragarri dira programazio-tresnetan eta politiken kudeaketan. Gaur egun Europako araudi-proposamenen eztabaida-fasea bukatzen ari dira. Aldi berean, landa-garapeneko programak lantzen hasi dira, 2014ko ilbeltzean onartu ahal izateko. Europako Batzordeak prozesu horretan bereziki parte-hartze publikoa azpimarratu du, eta, horretan, LEADER metodologia bultzatu beharreko balio erantsi gisa ageri da. Gauzak horrela, Landa Garapenaren Esparrua 2014-2020 Aldian, Aplikazioa Nafarroako Mendialderako jardunaldia antolatu da. Abenduaren 11n izanen da Irunberriko gizarte etxean. Jardunaldiak lau helburu izanen ditu. Batetik, landa-garapenaren eta Nekazaritzako Politika Bateratuaren (NPB) 2014-2020 aldirako Europako araudi-esparrua ezagutzera ematea. Bestetik, Nafarroako Mendialdeak dituen berezitasun eta aukerei buruzko informazioa emanen da. Horrekin batera, Irunberriko jardunaldian parte hartzen dutenen agendetan lan-egutegia sartu nahi da. Eta, bukatzeko, Nafarroako Mendialdearen landa-garapeneko hurrengo estrategiaren lehen definizio-faseetan parte-hartzeari hasiera emanen zaio. Horregatik, printzipio orokorrei eta jarduera-ildo nagusiei buruzko eztabaida izanen da.Jardunaldia Cederna Garalur elkartearen Europe Direct programaren barneko ekintza gisa antolatu da. Honako hauei dago zuzenduta: landa-garapenarekin lotura duten gaietan adituak diren langileei, toki-erakundeei (bereziki Nafarroako Mendialdekoei), toki-ekintzako taldeetako bazkideei (bereziki Cederna Garalur elkartekoei), enpresa-erakundeei eta nekazaritzako elkarteei, kultura, kirol eta turismo-erakundeei, eta bestelako erakunde laguntzaileei, Nafarroako Mendialdean lan egiten duten enpresei, eta, oro har, eskualdearen aurrera begirako garapenean interesa duen publikoari.Jardunaldiaren programa www.cederna.es webgunetik jaitsi daiteke. Iraupena: 9:30etik 13:30ra.Tokia: Irunberriko Gizarte Etxea Izen-ematea: 948 473 063 telefonora hots eginez, edo info@cederna.es e-postara idatziz.