Minusbaliotasun fisikoa eta organikoa duten pertsonen osasuna hobetzeko jarduera fisiko espezifikoa ona da. Urteetako esperientziak hori erakutsi die Nafarroako Fibromialgia Elkarteko Afinako kideei. Eta orain fisioterapeuten laguntzarekin egiten diren ariketa horiei Elgorriagako bainuetxeko ur zirkuituak gehitu dizkiote. Hilean behin doaz hara osasuna hobetzeko. Fibromialgia, Neke Kronikoaren Sindromea eta Sentiberatasun Kimiko Anizkoitzaren sindromea eta patologia kronikoak dutenek osasuna hobetzeko ariketa fisiko espezifikoa egiteko aukera dute Sakanan. Mank-en Kirol Zerbitzuak Afinarekin elkarlanean antolatu du jarduera. Astearte eta ostegunero izaten da, 16:00etatik 17:30era, Altsasuko Labadero eraikinean biltzen dira. Kirol Zerbitzuaren asmoa da eskaintza ibarrean zabaltzea, baina aurten esaterako Irurtzunen ezin izan da talderik sortu. Mank-etik egiten den eskaintza udalena osatu nahi du. Afinako kideek gaitz horiek dituztenei "geldi ez egiteko eta ariketaren onurak probatzeko" dei egin diete.