Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Laida Etxeberriak, Nerea Martinezek, Lide Agirrek eta Ibai Irigoienek beka lortu dute ikasle bikainak izateagatikEz dira garai onak baina sakandarrok etorkizuna dugula demostratzen ari gara behin eta berriz. Horren isla da Ordiziako Goierri Eskolan Batxilergoko lehen kurtsoa ikasten ari diren ikasle sakandarren kasua. Hain zuzen ere, Goierri Eskolak Batxilergo lehen kurtsoan zeuden euren ikasleen artean DBHko 4. mailan espediente akademiko onena izan zuten bost ikasle onenak saritzea erabaki zuen. Eta bost ikasle onenen artean lau sakandarrak dira. Bost ikasle onenak ondokoak dira: Laida Etxeberria (Bakaiku, 10eko bataz besteko nota, Andra Mari ikastola), Maite Mujika (Segura , 9,5eko bataz besteko nota), Nerea Martínez (Altsasu, 9,1eko bataz besteko nota, Iñigo Aritza ikastola), Lide Agirre (Olazti, 8,9ko bataz besteko nota, Iñigo Aritza ikastola) eta Ibai Irigoien (Etxarri Aranatz, 8,7ko bataz besteko nota, Andra Mari ikastola). Guztiek diploma eta 560 euroko beka lortu dute, euren hizkuntzen maila eta informazio eta komunikazio teknologien formazioa hobetzeko. Horretaz gain, Goierri Eskolak bere gain hartuko du Cambridge First Certificate ingeles azterketaren matrikula - edo maila goragokoa edo beste hizkuntza baten baliokidea - aipatu azterketak gaindituz gero. Izan ere, Goierri Eskolaren helburua bikaintasun akademikoa eta formazio ibilbide bikaina sustatzea da. Aipatzekoa da Goierriko Eskolan ikasle onenen artean horrenbeste sakandar egotea da. Izan ere, geroz eta sakandar gehiagok jotzen dute bertara ikastera - egun ikasle guztien %33a dira sakandarrak - , hainbat arrazoirengatik. "Goierri Eskolan euskaraz ikasten jarraitzeko aukera dute, eta Batxilergoa bukatu ondoren zentro berean Lanbide Heziketako 8 titulazioren eta ingeniaritzako titulazio baten artean ikasten jarraitzea aukeratu dezakete" adierazi du Goierriko Eskolako zuzendari Iñaki Zabalok. Horretaz gain, Ordizia Sakanatik gertu dago eta ikastetxeak autobus zerbitzua eskaintzen du Sakanan. Ekonomiarekin lotutako horrenbeste berri negatiboen artean, beraz, pozteko albistea hau.