Ioseba Fernandez eta Yanira Aristorena, Sakanako kirolari onenak

Guaixe 2012ko abenduaren 14a

Iñigo Zabalok, June Kintanak, Ioseba Fernandezek, Yanira Aristorenak, Erkuden San Martinek, Floren Nazabalek, Iskiza Gimnasia Erritmika Taldeak eta Sakana Sokatira Taldeak, euskara bulkatzeagatik, jasoko dituzte 2001 eta 2012ko Sakanako Kirolari Hoberenen Sariak. Sari hauek Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak antolatzen ditu, eta kirolarien aukeraketa egiteko Sakanako hainbat entitate eta pertsonek egindako proposamenak aztertu zituen epaimahaiak. Puntako kirolariak, etorkizunekoakAurten sekulako lorpenak lortu dituzte Sakanako kirolariek. Esaterako Ioseba Fernandez iturmendiarra irristaketako munduko txapelduna izan da eta Yanira Aristorena sekulako progresioa egiten ari da palan. June Kintana disko jaurtitzailea ere markak apurtzen ari da, eta ibilbide bikaina daramate ere Iñigo Zabalo saskibaloi jokalariak eta Iskiza Gimnasia Erritmika Taldeak. Eta zer esanik ez Hodei Mazkiaran pistardak lortutakoa: Joko Olinpikoetan aritzea ez dago edonoren eskura, eta Olinpiadetara heldu den lehen sakandarra dugu altsasuarra. Aipamen berezia eginen zaio. Beteranoen ekarpenaEtorkizuna dutenei beteranoen lorpenak gehitu behar zaizkie, eta hor kokatzen dugu Floren Nazabal. Etxarriko aizkolaria egungo aizkolari onena dela demostratzen ari da. Eta modu apalagoan, Erkuden San Martin atleta etxarriarra ibarreko proba ia gehienetan parte hartzen ari da, emakumeen atletismoa sustatuz. Azkenik, kirola sustatzeko lanetan itzalean lan nekaezina egiten duten sakandarrak saritu nahi izan ditu Mankomunitateak. Ildo horretan, herri kirolak bulkatzeagatik egindako lan handia eskertuko zaio Jexux Senarri. Guztiek gaur jasoko dute izendapena, Etxarrengo elkartean, eta ondoren auzate ederra izanen da ekitaldian bildutako guztiendako. Asteburuan herri kirolak eta xakeaSakanako Kirol Asteburua osatzeko, bihar Sakanako Xake Txapelketa jokatuko da Lizarragan eta igandean Sakanako Herri Kirol Jardunaldia izanen da Etxarrenen.SAKANAKO KIROLARIRIK ONENAK 18 URTE BAINO GUTXIAGOKO GIZONA: IÑIGO ZABALO OIARBIDE (16 urte, saskibaloi jokalaria)Merituak: 7 urterekin Altsasun hasi zen saskibaloian jolasten, Altsasuko Saskibaloi taldean, CBASKen. Nafarroako Selekzioarekin estatuko hainbat txapelketatan parte hartu du maila guztietan. Orain Larrabide Teknifikazio zentroan dago, talentuko gazteen programan. 18 URTE BAINO GUTXIAGOKO EMAKUMEA: JUNE KINTANA LARRAZA(17 urte, disko jaurtitzailea)Merituak: Kadete eta jubenil mailetan urrea Espainiako Disko Txapelketa zenbaitetan. 2012an Jaurtiketa Luzeko Txapelketan Espainiako errekorra gainditu du, kilo bateko diskoa 47,21 metrora jaurtiz. Espainiako selekzioarekin aritu da. Junior mailako Atletismo Mundialetan aritu da, Bartzelonan. 18-35 URTE BITARTEKO GIZONA: IOSEBA FERNANDEZ FERNANDEZ(23 urte, irristalaria)Merituak: 2006an junior mailako 1000m sprintean munduko txapeldunordea. 2011n Europako txapelduna 200m erlojuaren kontra eta 500m sprintean. 2012an, Munduko txapelduna 200m-ko erlojupekoan, errekorra ezarriz (15,879), eta txapeldunordea 300 metroko erlojupekoan. Horretaz gain, 300 metroko errekorra hautsi zuen (23:938 segundo). 18-35 URTE BITARTEKO EMAKUMEA: YANIRA ARISTORENA CAMPOS(Palista). Merituak: Nazioarteko txapelketan (Chilen) brontzea. 2012an Nafarroako trinkete txapelduna eta  Nafarroako eta Sakanako pala txapelketan finalista. Lesakako eta Sakanako Txapelketan txapeldun ordea.Gipuzkoako Elitezko "KUTXA" txapelketan eta I. Napar Pala txapelketan parte hartzailea. 35 URTE BAINO GEHIAGOKO EMAKUMEA: ERKUDEN SAN MARTIN GONZALEZ(37 urte, atletismoa). Merituak: 2011n Sakanako Atletismo Kopako irabazlea. Kopak Sakanako lasterketa ahalik eta gehienetan parte hartzea bultzatzen du. 2012an Aitzkozar eta Ergoienako lasterketetan Sakanako lehengo emakumea izan da, eta Sakanako Herri Lasterketan bigarrena. 35 URTE BAINO GEHIAGOKO GIZONA: FLOREN NAZABAL LEITZA(43 urte, aizkolaria). Merituak: Palmares izugarria du. 2012an Urrezko Aizkora irabazi du (7 Urrezko Aizkora ditu), Nafarroako Maila Nagusiko txapelduna izan da (Nafarroako 7 txapel ditu) eta Euskal Herriko Maila Nagusiko txapelduna izan da (6 txapela ditu). Gainera, Euskal Herriko Maila Nagusiko kanporaketan denbora errekorra ezarri du. SAKANAKO KIROL TALDERIK HOBERENA: ISKIZA GIMNASIA ERRITMIKA TALDEAMerituak: 2011n Nafarroako Kirol Jolasetan urrezko domina eta Reyno de Navarra txapelketan kadeteetan txapeldunak. 2012an Nafarroako Txapelketetan zilarrezko dominak eta Espainiako Txapelketetan lan ona.  EUSKARA GEHIEN BULTZATU DUEN KIROL TALDEA: SAKANAKO SOKATIRA TALDEAMerituak: Euskal Herria eta euskararen presentzia bermatzen du aritzen den txapelketetan, bai Euskal Herrian eta baita munduan barna.AIPAMEN BEREZIAK JEXUX SENAR ARISTORENA(Herri kirolak, pilota)Merituak: Horrenbeste urtetan Sakanako gazteengan gure euskal kirolenganako zaletasuna pizteko egin duen lan handia. Bera izan da Sakanako hainbat belaunalditako gazteak herri kiroletan eta pilotan etengabe aritzearen arduraduna. HODEI MAZKIARAN URIA(23 urte, pistako txirrindularia)Merituak: Palmares zabala du: Espainiako txapelduna 15 aldiz, kadete mailatik hasita eliteraino, 2006ko Europako Kopan abiadurako txapelduna eta kilometroko proban brontzea, 2008ko Danimarkako Munduko Kopan zilarrezko domina, 2012ko Melbourneko Mundialetan maila handia... Baina aipatzekoa da aurten Joko Olinpikoetara joan den lehenengo sakandarra izan dela.  Bihar Sakanako Xake Txapelketa LizarraganUrtero Mank-ek antolatzen duen Sakanako Xake Txapelketa Lizarragan jokatuko da aurten. Bihar jokatuko da, abenduaren 15ean, larunbatarekin, goizeko 10:00etatik aurrera, Lizarragako Azi Iturri elkartean. Mank-ek Ergoienako Udalaren, Zaldi Beltza Xake Taldearen, Txomin harategiaren eta Sakana fundizioaren laguntza izan du txapelketa antolaketan. Aldi berean, ELO 2000 puntutik beherako Nafarroako Txapelketa izanen da. 20 minutuko 8 partidara jokatuko da. Izena ematea egunean bertan eginen da, goizeko 9:30etik aurrera, eta Sakanako xakelariek ez dute huts eginen. Etzi Sakanako Herri Kirol jardunaldia EtxarrenenUrte bukaeran ohi denez, Sakanako Herri Kirol Jardunaldia ate joka dago. Igandean izanen da, abenduaren 16an, 11:30etik aurrera Etxarrengo pilotalekuan. Mank-eko Kirol Zerbitzuak antolatuta, Arakilgo Udalaren, Sakanako herri kirolarien eta Nafarroako Kirol Institutuaren laguntzarekin. Sakanako Aizkora Eskolako aizkolariak eta Sakanako aizkolariak, Sakanako Harri Jasotze Eskolako kirolariak eta Sakanako Sokatira Taldea ariko dira lanean. Puntako kirolariak eta hasi berriak diren kirolariak lehian ikusteko aukera paregabea.