Sakanako kirolari onenak kontentu izendapenarekin

Guaixe 2012ko abenduaren 17a

Etxarrengo elkarteak hartu zuen 2011-2012ko Sakanako Kirolari Onenen izendapen ekitaldia, ostiral iluntzean, Sakanako Mankomunitateak antolatuta. Guztiek "pozik eta gustura" hartu zuten izendapena. Izan ere, epai mahaiak lan zaila izan zuen aurten, Sakanako kirolariak puntan daudelako eta sekulako denboraldia egin dutelako. "Sakanako kirolarien kalitatea neurtzen badugu oso osasuntsu dago Sakanako kirola. 20.800 biztanle dituen bailaran gure kirolariak goian daude, eta kirolari modalitate ugaritan, gainera. Eta ez da ahaztu behar kirolari  hauek atera egiten direla kirol eskola eta klubetan egiten den oinarrizko lanagatik" azpimarratu egin zuen Arakilgo alkate Ruben Goñik. Amaia Gerrikagoitia kirol teknikariak gidatu zuen ekitaldia, eta sariak ematen Gorka Iriarte Mank-eko kirol batzordeko burua, Jose Angel Garcia Iturmendiko zinegotzia, Goyo Santesteban Etxarrengo alkatea, Eider Santesteban Etxarrengo zinegotzia eta Ruben Goñi izan ziren. Bukaeran auzate ederra izan zen bildutako guztiendako. Sarituen esanakJexux Senarrek "pozik eta benetan gustura" hartu zuen aipamen bereziaren saria. "Urte askoko lana da, ez nirea bakarrik. Herri kiroletan, sokatiran, proba konbinatuetan... lana egin dugu gaztetxoekin. 91-92an hasi ginen herri kirolekin. Gaztetatik oso ongi irakatsita zaudete guztiak herri kiroletan, baina pena da gero uztea. Gaztetxoetan guztiak hasten dira, baino gero utzi egiten dute, kirol guztietan bezalaxe. Dena den, badaude batzuk jarraitzen dutenak, Aitor Oiarbide harri jasotzailea edo aizkolariak, kasu" zihoen Jexuxek. Hodei Mazkiaran "oso pozik" zegoen aipamen bereziarekin. "Gauza hauek beti poz asko ematen dute. Orain dela urte batzuk kirolari onenaren saria jaso nuen eta orain aipamena. "Urtearen balantzea? Beno, ona. Pena handia eman zidan Olinpiadetan gertatutakoak. Asko kosta egiten da Olinpiadetara heltzea: 4 urte gogor lanean eta lasterketa egunean sillina apurtzea... hori gertatu zen eta ez dago atzera bueltarik, baina pena handia da" zihoen Mazkiaranek. Baina etorkizunean pentsatzen du. "Ilbeltzean Munduko Kopa daukat Mexikon, eta burua Rio de Janeiron daukat. Lau urte barru han egoteko aukerak dauzkat, uste dut baietz" azpimarratu zuen Altsasuko Olinpikoak. Iñigo Zabalo saskibaloi jokalariak sorpresaz hartu zuen izendapena. "Ondo hartu dut izendapena baina ez nuen espero. Gogor entrenatu dut baina... " zihoen 16 urteko gazteak umil. Altsasuko CBASK taldea utzita, Larrabide Teknifikazio Zentroan dabil Iñigo eta San Cernin taldearekin lehiatzen da Estatuko Primera Nacional mailan. "Maila oso gogorra da, fisikoa asko lantzen ari nahiz. Gabon hauetan 2. mailan dabilen Iruñeko Panasa Navarrarekin 5 egun entrenatuko dut. Ea etorkizunean bertan aritzeko aukera dudan!" kontatu zigun. June Kintana disko jaurtitzailea "eskertuta" zegoen izendapenarekin. Jubenilen mailan Espainiako disko jaurtitzaile txapelduna izan da, eta aurten junior mailara pasa da. Pamplona ISN Atletico taldean aritzen da eta 49.07m da bere errekorra diskoarekin. Helburua Junior mailako Europako Txapelketara joatea da, uztailean Italian jokatuko dena. Asko entrenatzen duela onartzen du. Erkuden San Martinendako "sorpresa eta oso polita" izan zen izendapena. "Oso pozik nago. Ez nuen espero. Hemen ikusten da sekulako maila dagoela, elitezko kirolariak daudela Sakanan. Ni ez nago maila honetan, inola ere. Nik afizionatu hutsa naiz, korrika egiten dut gustuko dudalako eta nik argi nuen Sakanako lasterketetan parte hartuko nuela. Gero ikusiko dugu" kontatu zigun. Floren Nazabalek adierazi zuen "beti ilusioa" egiten dutela gauza hauek. Aurretik bi aldiz izendatua izan da Sakanako kirolari onena, baina aurtengoa bere urtea izan dela aipatu genion. "Bueno, aurten adina irabazi izan dut ere. Beste urte bat izan dut kasi igual, praktikamente dena irabazi nuela, baina urteekin puntan mantentzeak beti ilusioa ematen du" adierazi zigun. Aizkora Sakanan nola dagoen galdetuta "gazte dezente daude baina kirol honetan kosta egiten da ateratzea" erantzun zigun. Sakanako Aizkora Eskolak lagundu egiten duela nabarmendu zuen, "gutxienez nolako kirola den ikusteko eta nahi duenak bertan hasteko". Hemendik aurrerako arerio gogorrenak Atutxa, Otaño, Otaegi, Erasun eta Rekondo aipatu zituen. Sakana Sokatira Taldekoak pozik zeuden errekonozimenduarekin. "Eskertzekoa da" zioten. Berriki irabazi dute Nafarroako Seiko Sokatira Txapelketa, baina Laukakoan ez dira ariko. "Jendez juxtu gabiltza taldean. Azterketak direla eta aurten ezingo dugu" zioten. Ildo honetan, taldeak tiralari gehiago behar dituela aipatu zuten eta deialdia egin zuten. "Egun 7-8 gaude taldean eta nahiko juxtu gabiltza. Beraz, jendea animatu dadila gurekin aritzera. 3 gaztetxo hasi dira, 12-14 urte bitartekoak, Jexux Senarrekin, eta harrobia lantzen ari gara" aipatu ziguten. Yanira Aristorena palistak aipatu zigunez, ez zuen saria inondik espero. "Sorpresa handia izan da baina kontentu" adierazi zigun. Eliteen mailan nabil orain, bertan hasi berria nahiz eta  oraindik asko daukat ikasteko" nabarmendu zuen. Napar Pala txapelketako finalerdietarako sailkatu da Maite Ruiz de Larramendirekin. Sakanan emakumeen palaren egoera oso ongi ikusten du. "Geroz eta hobeagoa da egoera. Etxarrin ahizpa eta biok hasi ginen eta orain 36 neska dauzkagu. Aitak meritu handia du hor" gaineratu zuen. Ioseba Fernandezen aita Jose Luisek jaso zuen semearen saria, Ioseba Castellonen ikastaro batean zegoelako. Berak aipatu zigunez, Ioseba oso kontentu zegoela izendapenarekin. "Aurtengoa urte handia izan da Iosebarendako, berak askotan aipatzen du ezin duela sinetsi ere egin. Munduko irristaketa txapelduna, munduko errekorrak ezarri... ez dira eguneroko gauzak. Bera kontentu dago. Aurki talde berrian hasiko da, Navarra Patinaje taldean, haur txikiei irristaketa klaseak ematen hasiko da, Anaitasuna gimnasioan bere ohiko lanarekin jarraituko du... beti kirolari lotuta" adierazi zigun Jose Luisek.  Iskiza Gimnasia Erritmikako bi talde, kimuak eta juniorrak, guztira 13 neska, Castellonen zeuden, Espainiako Txapelketa Absolutuan lehiatzen, taldearen kalitatearen isla. Marta Asensiok, gurasoen partez jaso zuen saria. Berak esan zigunez, aurten 90 gimnasta inguru daude Iskiza taldean, nahiz eta guztiak lehiaketetan ez aritu. Hiru monitore daude: Amaia Olmo, Cristina Remolina eta Maria Remolina. SarituakIñigo Zabalo (saskibaloi jokalaria, 18 urte baino gutxiagoko gizon kirolari onena); June Kintana (disko jaurtitzailea, 18 urte baino gutxiagoko emakume kirolari onena); Ioseba Fernandez (irristalaria, 18-35 urte arteko gizon kirolari onena); Yanira Aristorena (palista, 18-35 urte bitarteko emakume kirolari onena); Erkuden San Martin (korrikalaria 35 urte baino gehiagoko emakume kirolari onena); Floren Nazabal (aizkolaria, 35 urte baino gehiagoko gizon kirolari onena); Iskiza gimnasia erritmika taldea (Sakanako kirol talderik onena); Sakanako Sokatira Taldea (euskara gehien bulkatu duen taldea); Jexux Senar (herri kirol sustatzailea, aipamen berezia); eta Hodei Mazkiaran (pistako txirrindulari olinpikoa, aipamen berezia).