Altsasu futbol taldea erremontatzen ari da

Guaixe 2012ko abenduaren 17a

Donezteben jokatutako lehia gogorretik puntu bat ekarri zuen Etxarri Aranatzek. Gogotsu zelairatu ziren etxarriarrak baina Doneztebekoak izan ziren markagailuan aurreratu zirenak. Bigarren zatian, ordea, Urkiak berdintzea lortu zuen. Bukaeran jokaldi polemiko bat egon zen, arbitroak Donezteberen aldeko abantailaren legea ez baitzuen aplikatu, eta baloia kasik Etxarriko sare barruan zegoela jokaldia gelditu eta Donezteberen aldeko falta seinalatu zuen arbitroak. Gauzak horrela, banako berdinketarekin despeditu zen lehia. Eta Altsasuk bolada onean jarraitzen du. 3. garaipena jarraian lortu dute Claverren mutilek, Ultzama taldeari 0-2 irabazi eta gero. Ez zen partida ona izan, baina lehen zatia amaitzeko zegoenean penalty bat sartu zuen Altsasuko Jonek eta Bigarren zatian atzera ere gola egitea lortu zuen Altsasuk, Davidi esker. Ultzamak ez zuen buelta emateko aukerarik izan. San Juan da liderra, 34 punturekin. Etxarri Aranatzek 10. Postuan jarraitzen du, 12 punturekin, eta irabazi eta gero Altsasu 11. Postura igo da, 11 punturekin. Asteburuan Etxarri Aranatzek Ultzama hartuko du San Donato futbol zelaiak. Altsasu, aldiz, Lekunberriko Beti Kozkorren kontra ariko da Dantzalekun.