Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Mankomunitateak antolatutako Sakanako Herri Kirol eguna Etxarrenen ospatu zen igandean. Urte bukaeran ospatu ohi den herri kirolarien festan Sakanako tiratzaileek, trontzalariek, harri jasotzaileek eta aizkolariek hartu zuten parte. Jakina, ikuskizun polita eskaini zuten. Sokatiran Sakanako neskak eta Berriozarkoak ikusi genituen lanean. Eta aizkoran proba ezberdinak jokatu ziren. Tartean, Floren Nazabalek erakustaldia egin zuen zutikako egurra moztuz. Horretaz gain, Sakanako aizkora eskolako aizkolariek eta Juanito Erdozia irakasleak saio politak eskaini zituzten, Juan Mari Nazabal eskolako irakaslearen begiradapean. Trontza lanetan Jexux Senarren gidaritzapean Andra Mari ikastolako trontzalari gazteak aritu ziren. Eta, bukatzeko, harri jasotze lanetan Aitor Oiarbide etxarriarra eta bere irakasle Lasarte ikusi genituen lanean. Lasartek etorkizuna du, seme txikia ere harriak jasotzen egon baitzen.