Goi tentsioko linea egitasmoaren kontrako 416 ahots

Guaixe 2012ko abenduaren 19a

Autopista Elektrikorik Ez! plataformak atzo ezagutarazi zuen Altsasuko Adierazpena, osasun, hezkuntza, elkarte, lan arloa, hezkuntza eta kirol arloko 416 pertsona eta erakunderen sinadura duena, hainbat sakandar tartean. Sinatzaileek Red Eléctrica Españolak (REE) Deikaztelu eta Ezkio-Itsaso artean egin nahi duen 400 kV-eko linearen kontra azaldu dira: "enpresa pribatu baten agindupean eta inoiz argitu gabeko interes orokor baten izenean ostrazismora bulkatzen ditu eragindako eremuak". Adierazpenaren sinatzaileak nabarmendu dutenez, REEren egitasmoak "ingurumen, gizarte eta energia jasangarritasun eza erakutsi duen proiektu baten alde apustu egitearen alde datza. Gure eskualde eta herrietan aurreikusitako garapen proiektuekin bateraezina da". Altsasuko Adierazpena izenpetu dutenak egitasmoa bertan behera uzteko eta gaur egungo "argindar azpiegitura elektrikoen hobekuntzaren alde" azaldu dira, "herrietan eta eskualdeetan benetako zein behar dauden kontutan hartuz". Horrekin batera, ekosistemaren garapen demokratikoaren aldeko apustua egin dute, "gure herrien benetako beharretan eta gure etorkizuna erabakitzeko eskubidean oinarrituta egonen dena". Erakundeei deiaGaian eskuduntza duten erakundeei egitasmoa bertan behera uzteko eskatu diete sinatzaileek. Lineak hartuko lukeen 206 udal eta kontzeju kontra azaldu direla ere nabarmendu zuten. Plataformatik jakinarazi zutenez, egitasmoaren tramitazioa aurrera doa. "Aurki berriak izanen dira, hilaren akaberan edo ilbeltzean". Plataformako kideek adierazi zutenez, "proiektua gelditzea gure esku dago. Aurrekoa gelditu zen. Guztion artean lortuko dugu".