Kalitatearekin konpromisoa zigilua LH institutuarendako

Guaixe 2012ko abenduaren 20a

Astelehenean jaso zuen Lanbide Heziketa institutuak Kalitatearekin konpromisoa zigilua. Nafarroako Gobernuak horrela saritu du Altsasuko institutua, kalitatearen alde egindako apustuagatik, orain, hiru urtean behin berritu beharko duena. Ignacio Urbitarte zuzendariak jaso zuen zigilua. Berak azaldu digunez, "6-7 urte daramagu horretan lanean. Pixkanaka kalitatearekin zerikusia duten zenbait prozedura ezarri ditugu". Orain kalitate prozedurak ezarriak dituztela, Urteagak esan digu urtero barne ikuskaritzak pasako dituztela eta bi urtero kanpokoak. "Hemendik aurrera etengabe egokitzen eta hobetzen joan beharko dugu", esan digu Urteaga. Azken helburua Bikaintasunaren zentroa ziurtagiria lortzea izanen da.4 fase kalitaterantzLH institutuak jasotako saria "Nafarroako ikastetxe publikoen kalitatezko kudeaketa-sistemen zabalkundea" programaren barnean eman dio Hezkuntza Departamentuak. Gobernuak kalitatearen kudeaketa propioko eredua ezarri zuen, sareko lanean oinarrituta, eta bikaintasun-zentroaren ziurtagiria ematearekin bukatzen da. Ikastetxeek kalitatezko sareetan duten partaidetza borondatezkoa da eta lau fasetan garatzen da.Lehenik, kalitatezko kudeaketa-sistemetara hurbiltzea irakaskuntza-ikasketa prozesuen bidez. Ondoren, kalitatezko kudeaketa-sistema definitzea, garatzea eta ezartzea. Hura bukatzean, ebaluazioa pasa eta Kalitatearekin konpromisoa saria lortzen da, hiru ikasturterako. Hurrengoa, kanpo-ebaluazioa gainditzea da. Zentroak zerbitzuen karta bat landuko du eta autoebaluazioei ekiten die EFMQ ereduaren arabera. Zigilua lortzen denetik hiru ikasturte pasata, zentroak beste kanpo-ebaluazio bat eskatu behar du Bikaintasunaren zentroa ziurtagiria jasotzeko, hiru urtean behin berritu beharko duena. Zigilu horrek ziurtatzen du zentroak erabateko kalitatezko kudeaketa-sistema bat jada integratuta duela.Ikasle gehiagoLanbide Heziketa institutuan 97 ikasle daude gaur egun. Gradu erdiko soldadura eta galdaragintza, instalazio eta mekanizatu, mekanizatu eta mantenu elektro-mekaniko ikasketak eskaintzen dira. Urbitartek esan digunez, azken ikasketa horiek heldu den ikasturtean ez dira izanen, "beste eskaintzaren bat lotzeko harremanetan gaude departamentuarekin". Goi mailako zikloko mekatronika industriala eskaintzen da LH institutuan. Zuzendariak esan digunez, goi mailako zikloan 24 plazak bete dira eta jendea kanpoan gelditu da. Erdi mailako zikloetan taldeak guztiz ez badira bete ere, ikasturte honetan matrikulak gora egin du, 97ra arte. "Gainera, horiei gaitasunen kreditatzea egiten ari diren 15 pertsonak gehitu behar zaizkie". Aurten soldadura eta galdaragintza eta dependentzia duten pertsonak artatzeko gaitasunen kreditatze ikastaroak egin dira. Azken horretan 29k lortu dute erdi mailako titulazioa. "Heldu den urtean eskaintza egiteko asmoa dugu".  Bestalde, DBH gainditu ez duten ikasleei zuzendutako hasierako prestakuntza profesionaleko programaren bidez motorren mekaniko laguntzaile ikastaroan dozena bat ikasle ari da.