Horra, horra, gure Olentzero...

Guaixe 2012ko abenduaren 24a

Honezkero Sakanara begira izanen dugu Olentzero. Dagoeneko bisitatu ditu Sakanako herri batzuk, baina gehienetara gaur iritsiko da. Urte osoan ikatza eta opariak prestatzen ibili ondoren, gustura hartuko ditu sakandarren kantu alaiak eta berotasuna.ZiordiaAzken urte hauetan Ziordia Bizirik plataformak eta Gaztetxeak hartu dute Olentzeroren prestaketaren ardura. Goizean herriko neska mutikoak puska eske eta kantuan ariko dira  etxez etxe, urteroko Agur-agurrean. Bildutako guztiarekin arratsaldean meriendatxoa egingo dute. Bestalde, iluntzerakoan, 19:00ak aldera, Olentzero iritsiko da eta herriari buelta emango diote bildutakoek, musika lagun. Bukatutakoan Gaztetxean jarraituko du festak. Bertan auzatea egonen da eta haurrek Olentzerori eskutitza eskura emateko aukera eta harekin solasaldian egoteko parada izango dute. OlaztiDagoeneko bidean izango dira Olaztiko neska mutikoen eskutitzak. Izan ere, aurreko domekan Laminatuturren bisita izan zuten haur olaztiarrek eta eskutitza eskura eman zioten, honek gero Olentzerori eman diezaion. Astelehenean, horrenbeste espero izan duten ikazkinaren bisita izanen dute 18:30ean. Belen iturritik etorriko da Olentzero. Herrian barna trikitiaren laguntzarekin kalejiran ibiliko dira eta bukaera ekitaldia frontoian izango dute. Bertan, gaztaina erreak eta konpota jateko aukera izango da. Aipatzekoa da frontoia apaintzeko astelehenean, goizeko 9:30ean hitzordua dutela olaztiar guztiek. AltsasuEgubera taldeak Olentzerori harrera egiteko egitarau oparoa prestatu du. Igandean txondorra eta agertokia prestatuko dituzte. Astelehenean, abenduaren 24an, 11:15etik 12:00etara Mari Domingik haurrek Olentzerori idatzitako gutunak jasoko ditu plazan. Ondoren, Zumalakarregi plazaraino kalejira egingo dute eta bertan hamaiketakoa, korala, fanfarrea, txistulariak eta bestek festa giroa jarriko dute. Arratsaldeko 17:00etan jarri dute hitzordua altsasuarrek plazan, kalejiran Dantzalekuraino joateko. Bertan harrera egingo diote ikazkinari. 18:00etan, bigarren harrera egingo zaio Txitxarroren etxean, eta herriko dantzariek dantza bat eskainiko diote. Kalejiran ibiliko dira herrian barna, fanfarre, txistulari eta kantariekin. Zumalakarregin txondorra prest izango dute eta Olentzerok bere lanbidea nolakoa den azalduko du eta txistorra, ardoa eta urdaiarekin bapo merendatzeko aukera izango da. Herriko ohiturak berreskuratzeko asmoz, Iortia plazan mihura banatuko dute, San Juan bezperan erre dezatena. Olentzeroren kalejira Foruen plazan despedituko da. Txalapartariek emango diote ongi etorria eta agertokian eseriko da ikazkina. Honela, neska-mutikoek Olentzerori haien kontutxoak kontatzeko aukera izango dute. UrdiainGiroa berotzeko txokolatada izango da 17:00etatik aurrera. Olentzero astoa eta bere laguntzailearekin etorriko da menditik. Hitzordua arratsaldeko 18:00etan jarri dute Bentan, eta ilundu bezain pronto, herriko txistularien eta dantzarien laguntzarekin herrian barna ibilbidea egingo dute urdiaindarrek. Bi gurdi prestatu dituzte herriko gazteek egun honetarako. Ibilbidean zehar geldialdiak egingo dira Urdiaingo dantzari txiki eta helduen ikuskizunarekin gozatzeko.Bukaeran Olentzerok oparitxo bat banatuko die 10 urte arteko umeei eta ohiturak agintzen duen bezala, bukaeran ardo egosia eta pikuak dastatzeko aukera izango da. Aurten Aitziber elkarteak prestatuko du ardo goxoa. IturmendiIturmendiko haurrak herriko plazan bilduko dira astelehen arratsaldean, Olentzeroren zain. 19:00ak aldera iritsiko da ikazkina gurdi dotorearen gainean. "Horra, horra, gure Olentzero" kantuarekin harrera egien diote iturmendiarrek. Ondoren, kalejiran abiatuko dira herrian barna, trikitilariekin batera. Herriko buelta eman eta gero, pilotalekuan bilduko dira herritarrak. Bertan, intxaurrak eta ardo egosia banatuko dituzte. Olentzero agurtu aurretik, Biltokiko herriko gazteek zarea zozketatuko dute. Bakaiku Bakaikuko gazteek antolatzen dute Olentzeroren ongi etorri festa. Ikazkinaren bila atera aurretik, 17:00etan, txokolatada izanen da Bakaiku elkartean. Bertan ongi berotu eta 18:00ak aldera plazara aterako dira, Olentzerori harrera egitera. 8-10 urteko herriko haur batek eginen du Olentzeroren papera, ilusioz gainezka. Herriko akordeoilariekin batera Olentzerori kantatu ondoren, egurrezko plataforma batera igoko da Olentzero, eta lau herritarrek bizkar gainean eramanen dute kalejiran. Herriko txoko guztiak errepasatuko ditu ikazkinak, gauerako bidea ikasteko: Bideberrialde, erdigunea, herriko goiko aldea, plaza... eta ondoren, elizatik beheko basoko baserrietara abiatuko dute. Han agurtuko dute Olentzero. Ibilbidearen ondoren, bakaikuarrek, atzera ere, sabela betetzeko aukera izanen dute.Etxarri AranatzEtxarri Aranazko haurrek etxez etxe "pazkuen amores" eskean hasiko dute eguna. Arratsaldean, 17:00etan, Aldapasoro auzoko azken etxean bilduko dira Olentzeroren zain. Txokolate bero-beroa hartu bitartean, haurrak, urduri, Aritzalkoko basora begira ariko dira. Antortxen suek iragarriko dute Olentzero badatorrela. 17:30 aldera iritsiko da ikazkina. Etxarriarrek dantza eta kantuekin eginen diote harrera. Olentzerok, gurdira igo eta su-ondoan hartuko du atsedena. Haren atzetik, kalejiran, herrirako bidea hartuko dute etxarriarrek, txistulariek eta trikitilariek lagunduta. Kantu eta musika artean herriko plazara iritsiko dira. Bertan, omenezko dantza eginen diete herriko dantzari txikiek. Eguraldiak laguntzen badu, aurten, Olentzerok plazan bertan banatuko ditu gozokiak. Bertan bilduko diren haur eta gurasoen eta tabernaz taberna dabiltzan herritarren artean, jai giroa nagusituko da Etxarriko plazan.LizarragaNondik etorriko da Olentzero? Menditik, Dorrao aldetik, Etxarritik... Zalantza hori izaten dute urtero lizarragatarrek, urtero leku ezberdinetik baitator. Astelehenean 18:00ak aldera adi-adi egonen dira herritarrak, Olentzerori harrera egiteko prest. Eliza atean gurdia zain izanen du ikazkinak. Gauerako indarrak berreskura ditzan, su bero-berorik ez zaio faltako. Trikitilariek lagunduta, kalejira eginen dute lizarragatarrek. Bidean zenbait gozoki botako ditu Olentzerok eta dantzatzera eta abestera animatuko denik izanen da. Herriari buelta eman ondoren, Azi-iturri elkartera itzuliko dira. Bertan, pastak eta kakahueteak izanen dituzte. Dorrao eta Unanu Lezizatik barna, San Pedro bidetik iritsiko da Olentzero Dorraora. 18:00ak inguruan zain izanen ditu bertan herritarrak, harrera beroa egiteko prest. Traktorera igo, eta Dorraoko plazaraino gidatuko dute ikazkina. Bertan, bere omenezko kantuak entzun ondoren, gozokiak banatuko dizkie txikienei. Pastak ere izanen dira. Jarraian, Unanurako bidea hartuko dute, batzuek oinez, eta autoz besteek. Kantuan eta musikarekin kalez kale, Unanuko herriko plazara iritsiko dira. Bertan, atzera ere, gozokiak eta pastak banatuko dituzte. Txikienek Olentzerori gutunean ahaztutako eskaerak egiteko azken aukera izanen dute. ArbizuAstelehen iluntzean Arbizuko kale nagusia goitik behera zeharkatuko dute herriko haurrek, Olentzero bertan dela iragartzeko. 19:00ak aldera plazan bildu eta, musikaz lagunduta, errepide nagusi aldera jaitsiko dira. Aralartik jaitsi berri, trenbide aldetik iritsiko da Olentzero astoarekin, neka-neka eginda. Arbizun deskantsatzeko behar duen goxotasuna aurkituko du. Ikazkinari harrera beroa eginen diote trikitilariek lagunduta. Ondoren, gurdian igota, Akerruntza eta beheko auzoa zeharkatu, eta plazara itzuliko dira. Bidean gozoki eta gaztainen arrastoa utziko du Olentzerok. Plazatik Argi-Bidea gazte elkartera joko dute. Bertan ikazkinak opariak banatuko dizkie txikienei. Ongi portatu direnei, noski. Gainerakoei ikatza.  Lakuntza Lakuntzako gazteek eta haurrek Biltoki elkartea apainduko dute astelehen goizean, 11:30ean, arratsaldean Olentzerok polit-polit aurki dezan. Arratsaldean, ohi baino beranduago bilduko dira lakuntzarrak, 19:00etan. Ibai aldera joko dute, Olentzeroren bila. Bertan, dantzariek eta baserritarrez jantzitako haurrek ongi etorri beroa eginen diete Aralartik jaitsi berri diren Olentzerori eta Mari Domingiri. Jarraian, herrian barnako kalejirari ekinen zaio. Elai-Alai dantza taldeko dantzariek, gaiteroek, txistuek eta fanfarreak alaituko dute ibilbidea. Tarteka, geldialditxoetan, Elai-Alai taldearen dantzez eta Lakuntzako abesbatzaren kantuez gozatzeko parada izanen da. Ibilian-ibilian, Biltokira iritsiko dira. Bertan, gaztainak eta txokolatea banatuko dituzte. Olentzerok haurrei bere istorioa kontatu eta gero, opariak banatuko ditu.ArruazuBeriain aldetik etorriko da Olentzero, ubeldetik, eta zubian itxoingo diote arratsaldeko 19:30ak aldera. Arbazuko gazteek ekarriko dute Olentzero eta oinez, kalez kale, herrian barna ibiliko dira abesten bidean zehar, edadetuei eta gaixo daudenei opariak emanen dizkielarik. Kaleko obrak direla eta, zaila izango dute mugitzea, baina lortuko dute. Ibilbidea Itur-gain elkartean amaituko da eta bertan ikazkinak opariak banatuko  dizkie haurrei. Bertaratzen diren guztiendako gaztaina erreak banatuko dituztela ziurtatu zigun. Uharte ArakilOlentzerori lotuta bi ekitaldi izanen dira Uharten. Batetik, igandean, arratsaldeko 17:00etarako Iruñeko Sanduzelai auzoko hainbat guraso eta euren seme-alabak  trenez etorriko dira Uhartera Olentzerori bisita egitera. 600 lagun inguru etortzekoak dira. Euria eginez gero frontoian biltzen dira, eta elkartea ere uzten diete txokolatea prestatzeko. Haiekin batera hainbat uhartear ere San Migel aldera joaten dira txistulari, gaitero eta trikitiaren doinuekin alaiturik. Erraldoiak eta guzti lagun dituztela Zamartze ondoko kobara joko dute, Olentzerori gutunak ematera. Handik jaitsi eta herrian biltzen dira txokolatea edatera eta 19:00etarako Iruñerako bidean jartzen dira.Bestetik, astelehenean Olentzerori merezitako agurra egiteko dena prest dute uhartearrek. Olentzero batzordea Galtz Orratz dantza taldeko kideek eta herriko gurasoek osatzen dute. Eguna goizeko "paskuan amores"ekin hasiko da, etxez etxe bildutako goxoki eta dirua gero haurren artean banatzeko. Eguerdian eskean ibili direnak, baita joaldunak ere, bazkaltzera bilduko dira.Arratsaldeko 18:00ak aldera Beriain aldetik Olentzero Uhartera hurbilduko da, Mari Domingiren laguntzarekin.Txalaparta eta joaldunen zintzarri soinua entzun bezain pronto kalejirari ekingo diote. Ibilaldia frontoian amaituko da eta bertan dantzariek aurreskua dantzatuko dute, baita dantzari txikiek ere.Gaztetxoek goxokiak jasoko dituzte eta gainontzekoek gurasoek prestatutako ardo egosia edateko aukera izango dute.Irañeta17:00etan haurrekin txokolatada egingo dute irintarrek ondoren Olentzeroren bila joateko. Herriko sarrerako autobus geltokian itxarongo dute ikazkina baina ez da autobusez iritsiko, Manolo astoak daraman gurdian baizik. Segidan guztiek kalejira eginen dute herrian barna, eta kantuak eta txalaparta doinuak ez dira faltako. Manolo astoak gurdian herritar guztiendako opariak eramango ditu eta kalejira bukatzerakoan, Olentzerok opari banaketari ekingo dio frontoian. Segidan, elkartean prestatu duten txistorradarekin bukatuko dute aurtengo egitaraua.Ihabar Eguzkia estaltzearekin batera, 18:30 aldera iritsiko da Olentzero Ihabarrera. Andia aldetik jaisten da gurdi gainean. Ihabartarrek gogoz erakusten diote herria kalejiran, txistuarekin batera. Herriari buelta eman ondoren, plazara itzuliko dira. Bertan zakua hustuko du Olentzerok. Opari polit-politak banatuko ditu herriko haurren artean. Jakina, urtero moduan gaztainak eta sagardoa dastatzeko aukera izanen da. Eguraldiak laguntzen ez badu, Kontzejuko etxean amaituko dute festa.  Satrustegi eta HiriberriSatrustegin eta Hiriberrin elkarrekin ospatuko dute ikazkinaren etorrera. Bi herrietako lagunek txokolate bero-beroa hartuko dute Satrustegiko elkartean 17:30ean. Ondoren, 18:30ak aldera, Olentzerori harrera egitera aterako dira. Ikazkin tripa handia gurdira igo, eta Hiriberrirako bidea hartuko dute. Kantuz eta dantzan iritsiko dira bertara, 19:00ak aldera, eta herriko karrikak zeharkatu ondoren, Hiriberriko Txitera elkartean agurtuko dute ikazkina. Elkarteko kideek prest izanen dute otamen goxo-goxoa, bertaratzen diren guztiendako. Zuhatzu Zuhatzuarrek ohi baino lehenago jasoko dute Olentzeroren bisita. Bihar izanen da, larunbatarekin. 18:00etan hitzordua jarri dute autobus geltokian eta bertatik ikusiko dute nola datorren Olentzero, oinez, argia daramala. Oso polita izaten da. Akordeoilariarekin batera Olentzerori harrera egin eta denek oinez herrira joko dute, elkartera. Izanen da kantatzera eta dantzatzera animatuko denik. Ondoren, elkartean Olentzerok opariak banatuko ditu eta bildutakoek afari-merienda eginen dute. EtxarrenIkazkina Etxarrenera oso goizter etorriko da. Arratsaldeko 16:30etarako Urritzola aldetik hurbilduko da, eta herritarrek elizako aterpean eginen diote harrera. Agurtu eta musika lagun, kalez kale ibiliko dira etxarrendarrak Olentzerorekin batera. Haurrendako gozokiak izanen dira. Ikazkinak pilotalekuan banatuko ditu opariak, eta bukaeran helduendako auzatea eta haurrendako txokolatea ez dira faltako.Etxeberri Etxeberriarrek larunbaten izanen dute Olentzeroren bisita, 18:30ak inguruan. Ikazkina gutunak jasotzera jaitsiko da Arakilgo herrira, Mari Domingirekin batera. Etxeberriarrek harrera polita egingo diote eta elkartera joko dute guztiek. Bertan, indarrak berreskuratuko dituzte gaztaina erreak, txistorra eta urdaiarekin. Jakina, Olentzeroren omenezko abestiek ez dute huts eginen. Esker onez, ikazkinak gozokiak banatuko dizkie haurrei eta gero etxerako bidea hartuko du. Festa amaitzeko, etxeberriarrek lagun ikusezinaren opariak banatuko dituzte elkarren artean. IrurtzunJoan zen urtean bezala, Irurtzungo haurrak adar eta zintzarriekin aterako dira kalera astelehen arratsaldean. Haien deia entzunda, 18:30ean iritsiko da Olentzero Irurtzungo Plazaolako zubira. Irurtzungo kolektibo gehienak bertan izanen dira: Iskidi taldeko joaldunak eta pertsonaia mitologikoak, Orritz dantza taldea, txistulariak, gaiteroak, trikitilariak, akordeoilariak, musika eskolako fanfarrea, Irurtzungo koroa, Atakondoa eskolako guraso elkartea... Jai giroan, kalejira jendetsua eginen dute, tarteka-tarteka dantzatzeko eta abesteko geldituz. Herriari buelta eman eta gero, plazara iritsiko dira. Bertan Olentzerori abesteko prest egonen da herriko abesbatza. Gabon kantak, dantza herrikoiak eta Agur jauna ez dira faltako. Bitartean, gaztainak eta intxaurrak banatuko dituzte indarrak berreskuratzeko.