Hainbat neurri hartuta 384 lanpostu sor litezkeela dio LABek

Guaixe 2012ko abenduaren 19a

LABek aberastasunaren eta lanaren banaketa ardatz dituen dinamika jarri du martxan eta ibarreko eragileak batu nahi ditu. "Helburua: enplegu galeraren kontrako harresia eraikitzea eta dagoen lana banatzea izanen da". Hala azaldu du Gaizka Uhartek. LABeko kideak kalkulatu duenez, "orain arte egon diren urteko lan ordu kopuruaren igoera kenduta, gero eta gehiago sartzen ari diren ordu estrak ezabatuta eta sektore publikoan egiten ez diren ordezkapenak, ratioenigoerak eta abar saihestuta 384 lanpostu sortuko lirateke gure eskualdean". LABek lantegietara bi mozio eramanen ditu. Baten bidez enpresetako eta sektoreetako lan hitzarmenak defendatu nahi dira. Aldi berean, lan erreforma ez aplikatzeko konpromisoak eskatzen ditu. Besteak, berriz, LABen hurrengo hilabeteetako dinamikaren hasiera izanen da. "Sakanan dugun enplegua banatzeko helburua dugu". Ordu estrak egitearen kontrako jarrera irmoa eta lantegian sartutako aparteko orduen kopurua jakinaraztea eskatzen da idatziaren bidez. Baita errelebo kontratua enpresetan aplikatzea. Lan erreformak ahalbideratzen duen malgutasuna eta ordu kopurua handitzea ez dute onartzen. Eta lan baldintza eta soldata duinen aldeko borrokarekin konpromisoa hartzeko eskaera egiten du. Gainera, enpresa batzordeei proposatutako idatzian eskatzen zaio Nafarroako Gobernuari, "dagoen langabezia kontuan izanik, ordu estren gehienezko kopurua kentzeko". Horretarako Langileen Estatutuak ahalmena ematen diola ere gogorarazi dute.