Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Urteko azken txanpan ohi denez, igandean, hilak 23, Nafarroako Mendigoizaleen Eguna hartuko du Aralarrek, Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioak deituta. Aurten, festaren 47. edizioa izanen da eta Iruñeko Anaitasuna klubari egokitu zaio antolakuntza lana.Urtero moduan Nafarroako mendi klub guztietako mendizaleek lepo beteko dute Aralarko santutegia. Goizeko 8:30ean irtengo dira mendizaleak, bakoitzak aukeratu duen bidetik baina denok santutegia helburu. Asko Uharte Arakilgo bidetik joanen dira, beste batzuk Lizarrustitik, Madotzetik, Lekunberri aldetik, Lakuntzatik... eta abar. Meza 12:30ean eta auzateaBehin Aralarko santutegira helduta, ospakizunei 12:30ean emango zaie hasiera, mendizaleen mezarekin. Nahi duten mendizaleek euren mendi materiala aldarean jartzeko aukera izanen dute, Aralarko kaperau Mikel Gartziandia apaizak bedeinka dezan, eta mendizaleek eskaintza eginen diote santutegiko Mikel Aingeruari. Falta diren mendizaleak gogoratuko dituzte bertan. Jakina, Aralarko Mikel Goiaingeruari musu emateko aukera izango dute denek. Meza ondoren, Aralarrera hurbildutako mendizaleek bapo gosaltzeko aukera izanen dute, auzate ederra izanen baita aterpean, trikitixa eta pandero doinuek alaitua. Giro polita izaten da egun horretan, eta Aralarko santutegira igotzeak merezi du. Aralarko Mikel Aingeruaren Kofradiak ekitaldira hurbiltzera animatu ditu sakandarrak.