Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sakanako Mankomunitateak atzo egindako batzarrean 2013ko ordenantza fiskalak onartu zituen. Hondakin bilketagatik ordaindu beharreko tasa %3 igotzea erabaki zuten batzarkideek. Azaldu zutenez, 2009tik tasa hori izoztuta egon da. Azken hiru urteetan gastuak igo direnez, kontsumo produktuen indizearen antzeko igoera egitea hobetsi da. Atzoko batzarrean onartutakoaren arabera etxean eta auzoan konposta egiten duten sakandarrek gutxiago ordainduko dute. Hondakin bilketa Mank-i ordaintzen diogu eta tratamenduagatik Nafarroako Hondakinen Partzuergoari. Konposta egiten duten pertsonek Mank-i dagokion zatian %15eko hobaria izanen dute. Deskontua bigarren hiru-hilekotik aurrera izanen da, ordurako egun daudenak baino konpostagailu gehiago izanen baititu banatuak Mank-ek. Bitartean, Partzuergoan materia organikoaren eta hobarien gaia aztertzeko batzorde bat sortu da, 2014rako irizpideak zehaztu asmoz. Horretaz aparte, atzo Sakanako Mankomunitateak Soziolinguistika klusterreko kide izatea erabaki zuen.