Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Jardunaldi gazi-gozoa bizi dute erregional mailan dabiltzan talde sakandarrek. Etxarriri gol sorta ederra sartu zion Ultzamak, 1-4 gailendu baitzen. Etxarrik etxean jokatutako partida txarrena izan zen igandekoa, zalantzarik gabe. Saltsarik gabeko partida izan zen, apenas futbolik gabekoa. Aipatzekoa izan ziren Ultzamakoen kontraerasoak. Etxarriko areara 5 alditan iritsi zen Ultzama eta 5 aldi horietan 4 gol sartu zituen. Eraginkortasun purua, zalantzarik gabe. Bestalde, Altsasuk 3 puntuak eskuratzea lortu zuen Dantzalekun, Beti Kozkorren kontra. Lehen zatian aukera nabarmenak izan zituen Altsasuk, baina ez zuen asmatzen. Bigarren zatian joera berberak jarraitu zuen, ez zegoen dominatzaile argirik, baina 75. Minutuan Davilak jaurtikitako falta Paxusek errematatu zuen, Altsasuren gola eginez.Erregional mailako liderra San Juan taldea da, 37 punturekin. Altsasuk laugarren garaipena lortu du jarraian eta sailkapenean gora egin du. 9.a da, 14 punturekin. Aldiz, Etxarri 11. Postura jaitsi da, 12 punturekin. Gabonetan atsedenaldia eginen du Erregional mailak. Hurrengo partidak ilbeltzaren 12an eta 13an jokatuko dira. Sailkapenean 5.a den Amigo taldea hartuko du Altsasuk. Aldiz, Etxarrik Lekunberrin jokatuko du, 8.a den Beti Kozkorren kontra.