Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aralarko Santutegiak 47. Nafarroako Mendigoizaleen Eguna hartu zuen igandean. Mendizaleek oso gogokoa dute Gabonen aurreko igandean urtero errepikatzen den egun hau, besteak beste hildako mendizaleak oroitu, Nafarroako mendi klubetako gainontzeko mendizaleekin elkartu eta egun polita pasatzen dutelako. 1964.ean urte horretan hildako hiru mendizale gogoratzeko ekitaldia egin zen Aralarren eta hortik aurrera urtero errepikatu izan da. Eguraldiak ere mendizaleekin egon nahi izan zuen, eta nahiz eta herriak lainopean egon, Aralarren eguzkia zen nagusi. Jakina, santutegitik ikuspegia zoragarria zen: urrunean elurrez zuritutako Pirinioak, Sakana lainopean, Aralar eguzkipean, Aitzkorri eta Moncayo urrunago... Baina mendizaleendako lehenago hasi zen eguna. Gehienek goizeko 8:30ean jarri zuten hitzordua Aralarrera iristeko. Gehienek Uharte Arakilgo bidea aukeratu zuten, baina beste batzuk Lakuntzatik, Madotzetik, Lizarrustitik eta Lekunberri aldetik jo zuten. Guztiek, hori bai, santutegian egin zuten topo. Mendian ibiltzeko egun zoragarria zen igandekoa, eta mendizale asko mauka motzean ibili ziren. Negua baino, udaberria zirudien. Egun berezia12:30ean hasi zuen hildako mendizaleen oroimeneko meza Mikel Gartziandia Aralarko kaperau etxarriarrak, eta hala nahi izan zuten mendizaleek euren mendi materiala bedeinkatzeko aukera izan zuten. Mikel Goiaingeruari musu emateko aukera aprobetxatu zuten mendizaleek eta mezara hurbildu zirenak, eta ondoren hasi zen mendizaleen festa, aterpean prestatu zen auzatearekin. Aurten Iruñeko Anaitasuna klubak antolatu zuen ekitaldia, trikitixa eta pandero doinuek animatu zutena, baina lehenengoz Aralarko tabernari enkargatu zitzaion auzatea prestatzearen ardura. Salda beroa eta beste ez zen faltatu. "Egun hau berezia da, esanahi handia du guretako. Urte bukaera ospatzeko modu bat da eta beste klubetako jendearekin elkartzeko modua da" zioen Anaitasunako Txumarra Garisoainek. Hurrengo urtean ere Anaitasunak hartuko du festa antolatzeko ardura. Igandekoa Mendigoizale Egun jendetsuena izan zen, aspaldiko partez. Sakandar asko ikus zitekeen bertan. "Egun polita eta giro paregabea izan da" adierazi zuen Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioko presidente Martin Montañesek. Montañesek azaldu zuen federazioak egun 8.400 lizentzia dituela. Gazte askok eskalatzen dutela kontuan hartuz, kirol hori sustatuko dutela gaineratu zuen, mendia alboratu gabe. "Ildo honetan Nafarroan xenda eta bide seinaleztatuak daude, 800 km inguru, mantendu behar direnak. Bide horiek ere turismoarendako erakargarriak dira. Asko dago egiteko eta ez dago dirurik" nabarmendu zuen.