Zabaletak garaipenarekin eman dio hasiera Binakakoari

Guaixe 2012ko abenduaren 24a

Hasi da Binakako Pilota Txapelketa. Eta sakandarren kontrako derbyarekin hasi, gainera. 21 urteko Jose Javier Zabaleta etxarrendarrak primerako debuta egin du Binakakoan, Juan Martinez de Irujorekin bikoa osatuz 11-22 hartu baitzituzten menpean Gonzalez eta Aitor Zubieta etxarriarra, txapelketako lehen puntua eskuratuz. Labriten jokatutako partida serioa eta ona izan zen. Emozioa, bereziki, partidaren lehen zatian bizi izan zen. Zabaletak eta Zubietak lehia estua izan zuten, eta nahiz eta Irujok tanto politak egin, galdu ere dezente galdu zuen. Gonzalez, aldiz, txukun ibili zen. Baina partida erditik aurrera Irujo eta Zabaleta nagusitu egin ziren, bereziki Zabaleta. Eta atzelariaren nagusitasunari etekin bikaina atera zion Irujok, aurrean fresko aritu baitzen, tantoak asmatuz. Bestalde, Gonzalez eta Zubieta saiatu ziren, baina onartu beharra dago txanpa horretan dominatuta aritu zirela. Segurtasunez aritu zen Zabaleta, eta ongi asmatu zuen. Defentsan sendo aritu zen eta erasoan ongi moldatu zen. Primerako debuta egin zuen eta, akaso, partidako onena izan zen. Zalantzarik gabe, zer esana emango dute Irujok eta Zabaletak. Binakako Txapelketako lehendabiziko jardunaldia jokatuta, Irujo-Zabaletak, Xala-Barriolak eta Bengoetxea VI.-Beroizek puntu bana eskuratu dute. Aldiz, Berasaluze-Albisuk, Arretxe II-Beginok eta Gonzalez-Zubietak ez dute punturik eskuratu. Bestalde, Olaizola II-Zabala eta Titin III-Merino II Gabon egunean sartuko dira lehian.  ÇHurrengo arerioakTxapelketako bigarren jardunaldian Gonzalezek eta Zubietak Xala eta Barriola izango dituzte aurkari, ostiral gauean, hilak 28, Tolosako Beotibarren jokatuko den jaialdian. Aldiz, Irujok eta Zabaletak Titin eta Merino izango dituzte aurkari, ilbeltzaren 1ean Eibarko Astelenan jokatuko den lehian. Partida zuzenean emango du ETB1ek. Ezkurdia Pazko eguneko Astelenako jaialdianBihar Binakako Txapelketako lehen jardunaldiko azken partida jokatuko da Eibarko Astelenan, 17:00etatik aurrera. Olaizola II.ak eta Ibai Zabalak Titin eta Merino izango dituzte aurkari. Jaialdia Zabaltzen duen partidan Idoateren eta Cecilioaren kontra ariko dira Joseba Ezkurdia arbizuarra eta Merino.