Eski saltorako 3 pista proiektatu dituzte

Guaixe 2012ko abenduaren 28a

Austriako arrisku-kapital enpresa batek Sakanan jarri ditu begiak, zehazki Satrustegiko mendizerran. Han eski saltoak egiteko gunea eraiki nahi du enpresa austriarrak. Haien hasierako asmoa da luzera ezberdineko hiru tranpolinez eta dagokion estadioarekin osatutako kirol gunea egitea mendi magalean. Horrekin batera, kirolariei zerbitzu guztiak eskainiko liekeen zerbitzugunea jaso nahi du. 2016. urterako martxan izan nahi dute egitasmoa. Nafarroako Gobernuak dagoeneko jaso du eskaera. Enpresari austriarrek haien herrialdean hain ezagun eta arrakastatsua den kirola Sakanara ekartzeko arrazoiak hainbat dira. Azaldu digutenez, Satrustegiko mendien kokapena ezin hobea da. Malda egokia izateaz gain, itzalgunea ere bada eta horrek neguan elurra (artifiziala edo naturala) mantentzeko lagungarri da. Horretaz gain, hiriburu askotatik gertu dago. Hala ere, garraio zerbitzua (autobusa eta trena) hobetzea planteatu dute. Gainera, Bartzelonak 2022ko neguko joko olinpikoak prestatzeko lehian sartuta dago. Austriarrek horri erreparatu diote eta neguko kirolen praktika gehiago zabaldu eta errotuko dela aurreikusi dute. ZehaztapenakNeurri olinpikoko hiru tranpolin aurreikusi dituzte: 90 metro luze, 120 eta 135ekoak. Haien diseinua nazioarteko arkitektura lehiaketa baten bidez aukeratuko dute. Salto dorrea eskiatzaileen abiapuntu izateaz gain, turistendako begiratoki bihurtu nahi dute. Jatetxe, kafetegi eta denda gunea izanen du goian. Gainera, teleferiko bidez mendi gainera igotzeko aukera aurreikusi dute, "mendizaletasunaren bultzada baliatzeko". Austriarrek kirol gunea urte guztian zabalik mantendu nahi dute. Hotza egiten duenean eski saltoak elur gainean praktikatzeko aukera izanen litzateke. Eta tenperaturak igotzean elurra baztertu eta belar sintetiko berezi batek saltoak egiteko aukera emanen luke. Itxura alpinoa emateko pisten inguruko pagoak pinuengatik ordezkatzea ere proposatu dute.