3MBk errauskailuaren inposaketan ezkutuko jokoa, gezurrak eta asmo txarra salatu ditu

Guaixe 2012ko abenduaren 26a

Nafarroako Gobernuak pasa den astean aurreratu zuen Cementos Portland Valderrivasek (CPV) Olatzagutian duen porlandegiari ingurumen baimen bateratua berak emanen ziola. UPNko gobernuak erabaki du Ingurumen eta Ur zuzendari nagusiaren eskumenak beretako hartzea. 3 Mugak Batera plataformak (3MB) salatu du "hondakinak errausteko jarduera Nafarroan burutu ahal izatea, ezkutuan eta amarrupean" burutu dela. Horrekin batera, egitasmo horren kontra Sakanako eta beste eskualdeetako udal eta mankomunitateak eta hainbat gizarte erakunde daudela azpimarratu dute. 3MBko kideek nabarmendu dute egitasmoaren tramitazioan "ekarpenak egiteko herritarren benetako partehartzeari ateak ez irekitzea Europako araudiaren kontrakoa" dela. Plataformatik gobernuari "fede txarrez" aritzea leporatu diote, "esposizio publikorako epea agorrileko oporraldiarekin batera eta azken onarpena eguberriekin batera" egitean.  Kontrako argudioakPorlandegian hondakinak erretzea segurua ez dela eta herritarrendako arriskutsua dela nabarmendu dute 3Mbtik, "dioxinen, furanoen, partikulen eta metal astunen eragin kaltegarria jasoko baitute". Iraintzat jo dute esatea "porlandegian hondakinak erreko direnean minbizi sortzaile diren kutsatzaile horiek isuriko ez direla adieraztea". Plataformatik adierazi dute porlandegietan hondakinak erraustea ez dela "teknika aurrerakoiena". Salatu dutenez, Nafarroako Hondakinen Kudeaketa Plan Integratuan errauskailuarendako aurreikusitako isurpen mugak baino malguagoak dira porlandegikoak, "kontraesan izugarria. Segurtasun distantziak ere ez diu errespetatzen". Aldi berean, Olatzagutiko udal autonomiaren kontrako "bidegabekeria" dela ere oroitarazi dute, bere ordenantzek halakorik egitea ez baitu baimentzen. Ibarreko beste jarduera ekonomikoak kaltetuko dituela ere adierazi du 3MBk. Errausketa Nafarroan galarazteko eta gure osasunerako eta ingurumenerako errespetutsuagoak diren beste kudeaketa eredu batzuk eskatzeko antolatuko diren mobilizazioetan partehartzera deitu du plataformak.