Bi bikaintasun sari ibarrera

Guaixe 2012ko abenduaren 27a

Bikaintasunerako Nafarroako Fundazioaren bidez Nafarroako Gobernuak azaroaren 21ean Nafarroako Bikaintasunaren Eguna ospatu zen. Hainbat sari banatu ziren EFQM (European Foundation for Quality Management) bikaintasun ereduak ezarritako kudeaketako bikaintasun mailak lortu dituzten erakunde eta enpresen artean. Sakanako Mankomunitateak  400+ Bikaintasun saria jaso zuen. Baita Lidergoaren Aitortza Diploma, Tutera Hiriko UNEDeko kalitate katedrak ematen duena. Bi aitortza horiek Mank-ek bezeroei ematen dien kalitatearen aitortza egiten du. Zerbitzuen kalitatea hobetzen jarraitzeko asmoa ere azaldu du Mankomunitateak.Eseki SAL enpresak 300+ Bikaintasun saria eskuratu zuen. Bere sektorean Nafarroan halako ziurtagiria lortzen duen aurreneko enpresa izan da Eseki. Etxarri Aranatzen kokatutako enpresak krisialdiari berrantolaketa eginez aurre egin dio, enpresa estrategia eta helmuga berriak jarriz eta 180 graduko aldaketa eginez esparru komertzialean eta pertsonen antolaketan. Hala, enpresa instalazio elektrikoak egitetik gauza gehiago egitera pasa da. Horretarako beste enpresekin elkarlanean bi talde garrantzitsuko kide bihurtu da Eseki: Sinergroup (5 enpresa) eta Grupo 3E (4 enpresa). Aurrenekoaren bidez industria prozeduren hobekuntza eskaintzen dute. Bigarrenaren bidez, berriz, energia eraginkortasuna hobetzeko lanak egiten dituzte. Gaur egun enpresa etxarriarrak honako lanak egiten ditu: industria diagnosiak eta proiektuen garapena; ekoizpen lineak instalatu eta muntatu; behe eta goi tentsioko muntaiak; industria mantenua; industria-automatizazioa; energiari lotutako zerbitzuak eta  industria eta burdindegi hornikuntza.