Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Astelehena, abenduak 31, urteko azken eguna dugu. Gauerdiko 12:00etan 12 ezkila entzunen dira Sakanako eliza eta udaletxeetako kanpaidorreetatik barna. Ezkil hotsa bereziak izanen dira, urte zaharra agurtu eta berriari ongi etorria ematen diogun eguna baita. Urdiainen, Etxarri Aranatzen, Lizarragabengoan, Arruazun eta Irañetan urtero berritzen dira ohitura zaharrak, urarekin zerikusia dutenak. Guztiek ere helburu bera dute: urte berrian "bakearekin osasuna eta onarekin ondasuna" opatzea. Iturmendin eskean ariko dira. Urdiaindarrak gauerdia baino lehen bilduko dira herriko apaizaren etxe inguruan. Urte berria iragartzen duen lehen kanpai hotsarekin herriko nesaki eta mutiki gazteak, herriko iturrietara abiatu eta bertatik ur berria hartuko dute berezko pitxarretan. 12. kanpai hotsak jo aurretik herritarrak bilduta dauden tokira itzuli eta elkarrekin Ur goiena, ur barrena kantaita abestuko dute. Ordurako apaizaren etxean bilduta dauden agintariek, atea zabaldu, eta ur berriaren truke opil goxoa emango diete gazteei. Azkenik, opila zein ura, urdiaindar guztien artean banatuko dira urte osasuntsua opatuz.Iturmendin gauerdiaren ondoren kintoek etxez etxeko errondari ekinen diote. Kantu eskean ariko dira urte berria zoriontzen. Atea zabaltzen dieten guztiei pastak eta edatekoa eskainiko diete. Etxarri Aranatzen goizaldeko ordu batean topa eginen dute herriko plazan eta Ur goiena kantuan urte ona opako diote elkarri. XX. mende hasieran Francisco Urrestarazuk kantu herrikoia moldatu zuen eta gaur egun haren doinu alaia zabaltzen da herriko karriketan. Brindisaren ondoren, musikari taldea lagun, herrian barna abiatuko da lehen taldea eta ordu bat beranduago, ordu bietan, bigarrena. Urte berri kantuak eta eskean jasotakoaren txin-txin hotsak ordu txikietaraino luzatuko dira.Lizarragabengoan urte berria hastearekin batera kalera aterako dira herritarrak eta etxez etxe ibiliko dira Ur goiena kantan eta eskean. Arruazun gauerdian iturriko ura bildu eta herriko hainbat tokitan banatuko dute, urte berriko abestia kantatzearekin batera.Irañetan, goizaldeko ordu bata inguruan dute hitzordua herriko elkartean. Handik etxez etxe ibiliko dira Ur goiena kantuan eta eskean. Jasoko dituzten txistorra, txanpaina eta arraultzekin indarrak berreskuratuko dituzte, atzera ere, elkartean.Bestela, Sakanako gainontzeko herrietan suziriak jaurtiz edo gauean parranda eginez agurtuko dute urte berria. Egongo da mendira igoz urtea despedituko duen sakandarrik ere.