Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Trakatan, trakatan hiru errege, Trakatan, trakatan... Sakanara. Zaldi gainean, gurdian edo oinez, Meltxor, Gaspar eta Baltasar Sakanara iritsiko dira ilbeltzaren 5ean, hurrengo larunbatean.IrurtzunMeltxor, Gaspar eta Baltasar arratsaldeko 18:30ean iritsiko dira Irurtzunera. Aurten ibilbidean aldaketa egonen da. Liburutegiko plazatik abiatuko da hiru errege magoen segizioa. Erregeen karroza eta opariz beteriko gurdia Larraun kalean barna abiatuko dira, segidan Intxaurreta, Lizarra eta Andia kaleetatik aurrera jarraitzeko. Han buelta hartuko dute eta Lizarra kaletik Amaia kalera sartuko dira, San Martin kalea zeharkatzeko. Gabon kantak ez dira faltako. Elizpea kaletik elizara helduko dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar. Eliza atean, Jesus haurtxoa gurtu eta bildutako guztiak elizara sartuko dira. Han harrera eginen zaie hiru erregeei, herriko abesbatzak lagunduta. Txikienek erregeekin hitz egiteko eta opariak eskatzeko aukera izanen dute, eta, jakina, guztiek gozokiak jasoko dituzte. Erregeen kabalkada batzordeak Herodesen gazteluari buruzko antzerkitxoa prestatzea ez du baztertzen. Uharte ArakilAurtengo Erregeen Kabalkadan aldaketak izanen dira. Orain arte Manuel Goikoetxearen zurgindegitik abiatzen zen kabalkada, baina aurten igerilekuetatik, Itxesi auzotik, abiatuko da errege segizioa, 18:30ak aldera. Bi gurdi joanen dira: batean jaunartzea egingo duten haurrak, 8 haur, aingeruz jantzita. Eta, bestean, Gaspar, Meltxor eta Baltasar, pajeekin batera. Itxesitik Cerradoa auzora joko du komitibak, zubitik, eta Cerradoatik barna herri erdira helduko da segizioa. Herrian buelta eman eta gero, hiru erregeak elizan sartuko dira, Jesus haurtxoa adoratzera. Ondoren, txikienek erregeekin hitz egiteko eta goxokiak eskatzeko aukera izanen dute. Errege magoen omenezko abestiak ez dira faltako.Bestetik, orain arte ekitaldi guztia amaituta erregeek herriko gaixo eta adinduak bisitatzen zituzten, oparitxo bana emateko. Baina aurten bisitak aurreratzea erabaki dute. "Izugarri berandutzen zitzaigun eta horiek ez dira orduak gaixoak bisitatzeko. Orduan, 16:00etatik 18:30ak inguruan gaixoen bisitak eginen ditugu eta gero kabalkadari hasiera emanen diogu" adierazi digu Antonio Zubietak. Lakuntza4 urte kabalkadarik gabe egon ondoren - azken urteetan soilik adorazioa egin da eliza parean - Lakuntzako kaleek atzera ere kabalkada hartuko dute aurten. Kabalkada taldea indartu da eta horregatik izanen da posible hori. Juan Mari Razkinek adierazi digu zazpi karroza aterako direla: izarra, Herodesen karroza, trineoa, zirkua, piraten ontzia, Hobbits-en karroza eta iratxoa. Jakina, buruan Meltxor, Gaspar eta Baltasar joanen dira, zaldietan, eta haiei laguntzen pajeak eta antortxadunak. Ibai aldetik helduko dira erregeak, eta Abarrategi kalean gora eginen dute, segidan herri guztiari buelta emateko. Tronpeta joleek erregeen etorrera iragarriko dute, eta erregeak gozokiz kargatuta etorriko dira, txikien gozamenerako. Kabalkadak herriari buelta eman ondoren, elizan zain egonen dira Jose, Maria eta Jesus haurtxoa, erregeen etorreraren zain. Adorazioaren eta koroaren kantuen ondoren erregeek opariak banatuko dizkiete Lakuntzako haurrei. ArbizuHiru erregeak arratsaldeko 18:00etan aterako dira Arbizuko udaletxetik. Gurdi dotorearen gainera igota, arbizuar guztiak agurtuko dituzte. Opariz beteriko gurdiarekin batera kalejira eginen dute gabonetako doinu alaiekin. Herriari buelta emandakoan, 19:30ak aldera, elizara iritsiko dira. Bertan, hiru erregeek Jesus haurtxoa gurtuko dute. Ondoren, goxokiak banatuko dizkiete herriko haurrei eta bertaratzen diren jubilatuei.ErgoienaLizarragako haurrek errege bezperan goiz-goizetik iragarriko dute erregeak datozela, fale hotsekin. 18:00ak aldera iritsiko dira erregeak Lizarragara. Globoz apaindutako gurdi dotorean herriko kaleak zeharkatuko dituzte Meltxor, Gaspar eta Baltasarrek. Haiekin batera joanen dira Jesus haurtxoa, Maria eta Jose. Lizarragari buelta eman ondoren, gurdiak Dorraorako bidea hartuko du, haurrez beteriko kamioia eta zenbait kotxe atzetik dituela. 19:00ak aldera iritsiko dira Dorraora. Herritarrekin batera, kantuan eta dantzan plazara iritsiko dira. Herriko elkartean indarrak hartzeko aukera izanen dute. Jarraian Unanura joko dute. Bertako haurrak ere erregeak ikusteko irrikitan izanen dira. Unanuarrek herriko plazan agurtuko dituzte Meltxor, Gaspar eta Baltasar, pasta eta moskatel artean. Handik, atzera ere, Lizarragako bidea hartuko dute. Bertan, elkarteko sutondoaren epelean, prest izanen dute afari goxoa nahi duten guztiendako: zopa beroa, oilaskoa eta roskoa. Adin guztietako 100 bat erguendar bilduko dira bertan.Hurrengo eguneko Lizarragako meza nagusian erregeek ere parte hartuko dute, eta elizkizunak despeditzerakoan apaizarekin, txistuaren doinuak lagun, gaixo daudenen eta edadetuenen etxera joko dute, haiek Jesus haurtxoa gurtu dezaten. Etxarri AranatzEtxarriko haurrak faleekin aterako dira kalera errege bezperan, erregeak datozela iragartzera, arratsaldeko 19:00etan. Ordu horretan iritsiko dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar. Herritarrak zain izanen dituzte elizako atean, bi gurdirekin. Lehenengoa hiru erregeendako eta haien pajeendako, eta bigarrena, Misterioarendako. Jesus haurtxoak, Mariak eta Josek antxumetxoak izanen dituzte alboan, haurren gozamenerako. Horrela, errege segizioak Etxarriko kaleetan barna buelta emango du. Orain arte kultur etxean despeditzen zen bira eta bertan burutzen zen ekitaldi nagusia, baina egun horretan kultur etxeko aforoa gainditzen denez, eta aforoaren inguruan ezarritako araudia betetzeko asmoz, ekitaldi nagusia frontoira aldatzea erabaki da. Frontoian Meltxorrek, Gasparrek eta Baltasarrek gutun bana irakurriko dute eta haurrek opariak eskatzeko aukera izanen dute. Jarraian, Etxarriko haurrak errenkadan jarriko dira erregeei muxu emateko. Trukean goxoki poltsa jasoko dute.Hurrengo egunean, ilbeltzaren 6an, Meltxor, Gaspar eta Baltasar meza nagusian egonen dira. Meza amaitutakoan zozketa eginen da. Aurreko hiru egunetan gabonetako ospakizun berezietan parte hartu duten haurren artean opariak banatuko dira.BakaikuIlbeltzaren 3an, ostegunarekin, errege magoen bi paje Bakaikura hurbilduko dira, 18:00etan, haurrek erregeendako idatzi dituzten gutunak jasotzera. Segidan, 18:30ak aldera, Erregeekin lotutako euskal kantuen entsegua eginen da udaletxean. Bestetik, haurren gutunak irakurri eta opariak prestatu ondoren, ilbeltzaren 5ean iritsiko dira Bakaikura Meltxor, Gaspar eta Baltasar. 18:30erako bakaikuarrak zain izanen dituzte beheko baso aldeko herri sarreran. Hiru Erregeen, Misterioaren eta opariz beteriko gurdiek eta herritarrek kalejira eginen dute Bakaikuko akordeoilariekin eta herritarrekin batera. Elizan amaituko dute ibilbidea. Bertan, Meltxor, Gaspar eta Baltasarrek opariak banatuko dizkiete herriko haurrei.IturmendiHerriko haurrak 15:00ak aldera bilduko dira. Faleak aldean dituztela batera eta bestera ibiliko dira, orienteko magoei hoska. Egiteko horren ondoren, auzoan film bat ikusteko aukera izanen dute. Txokolate edanak segituko dio horri. Hiru erregeen segizioa 18:30 edo 19:00etarako espero dute Iturmendin. Harrera egin ondoren, herria ezagutzeko kalejira antolatu diete. Ibilbidea frontoian despedituko da eta han Meltxorrek, Gasparrek eta Baltasarrek eta haien laguntzaileek opariak eta goxokiak banatuko dizkiete haurrei. Helduendako jan-edana izanen da. AltsasuEkialdeko erregeen etorreraren iragarle izaten dira haien morroiak. Pajeak ilbeltzaren 3an, ostegunarekin, iritsiko dira Altsasura, 6 laguntzailerekin batera. Arratsaldeko 19:00etan herriko txikien gutunak jasoko dituzte Burunda pilotalekuan. 600 bat haur espero dituzte. Guztiek oparitxoren bat jasoko dute.Pajeek iragarri bezala, hiru errege magoak ostegunean iritsiko dira Altsasura. Fale-erregeak erakutsiko die bidea. Hain zuzen ere arratsaldeko 18:00etan aukeratuko dute faleen erregea Foruen plazan. Bildutako haur guztiei esne-opila banatuko diete, eta barruan falea topatzen duen haurra izango da fale-erregea. Fale-erregea buru dela, herriari buelta emango diete haurtxo guztiek, faleak joz erregeei abisua eman eta bidea erakusteko. Horretaz gain, erret-heraldoaren karrozan egingo du ibilbidea faleen-erregeak. Lanbide Heziketako ikastetxetik etorriko dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar, 19:00etan. Bakoitza bere karrozan joango da, eta horiez gain beste karroza batzuk izanen dira: izarraren karroza, erret-heraldoaren karroza, jostailuen karroza eta mozorrotutako haurren karroza. Altsasuko ikastetxeetako gurasoen elkarteek izaten dute karrozak prestatzeko ardura, errege kabalkadaren batzordeaz gain. Hiru erregeen segizioak Altsasu zeharkatuko du kale hauetatik barna: Zelai, Isidoro Melero, San Joan, Burunda, Nafarroa, Altzania, Bakea, Zumalakarregi (erregeen eta Herodesen bilkura erakusten duen antzezlana), Bakea, Gipuzkoa, Erkuden, Frontoia, Iortia, Gartzia Ximenez, Foru plaza (Jesus haurtxoaren gurtzea), Gurutze Saindua, Zubeztia (aingeruaren agerkundea) eta San Joan. Pasarte antzeztuetan erregeek, Altsasuko antzerki tailerreko kideek eta zenbait herritarrek parte hartuko dute.Ibilbide guztian barna ez dira gozokiak faltako. "Zurronero" delakoak ere neska-mutiko txikienei eskura emango dizkiete gozokiak. Kaputxinoen egoitzan agurtuko dituzte altsasuarrak.OlaztiErregeen pajea izanen da Olaztira iristen lehena. Olaztiko kultur etxera iritsiko da abenduaren 30ean, domekan, 18:30ean. Erregeen etorrera iragarriko du eta herritarrek idatzitako gutunak jasoko ditu.Egun handia ilbeltzaren 5ean izanen da. Meltxor, Gaspar eta Baltasar autobus geltokitik abiatuko dira, 18:30ak aldera. Errege bakoitza bere karrozan joanen da, pajeak eta antortxadunak alboan dituztela. Herriari buelta eman ondoren, herriko frontoian despedituko da ibilbidea. Jakina, gozokiak ez dira faltako. Han neska-mutikoek erregeekin hitz egiteko aukera izanen dute. ZiordiaHiru Erregeak 19:00etan iritsiko dira Ziordira ilbeltzaren 5ean, Olazti aldetik. Gurdia hondatu zenez erregeak zaldiz edo oinez etorriko dira, hori ez dago oraindik zehaztua. Ordurako zain izanen dituzte ziordiarrak harrera beroa egiteko prest. Trikitixak lagunduta kalejira eginen dute herriko karriketan barna, eta bukaeran errege segizioa elizaraino iritsiko da. Bertan Jesus haurtxoa gurtuko dute. Ondoren, haurrek erregeekin egoteko aukera izanen dute: gutunak irakurri, musutxoak eman eta, gaueko oparien aurrekari, gozokiren bat edo beste jasoko dute. Elizatik aterata, erregeek eta ziordiarrek mojen etxerako bidea hartuko dute. Bertako gaixoak bisitatu, eta datorren urtera arte agurtuko dituzte erregeak.