Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sakanako Langabetuen Asanbladak "umore ukituaz eta salaketa ikuspuntua galdu gabe" ostiralean urteko enpresak sariak banatu zituen. Hiru sari banatu zituzten "dena berdin jarraitzea ahal bideratzen duten enpresa eta erakundeen artean". Erakundeen Utzikeria saria Nafarroako Gobernuari eman zioten. Langabetuek salatu zutenez, azken hilabeteetan lan ordu estrak ez dira murriztu, "orain zigorgabetasun handiagorekin egiten dira". Ordu estra ugari sartu direlako Sunsundegui enpresa saritu zuten. Azkenik, Sakanan lanpostu askoren prekarietatea salatu nahi izan zuten eta saria Quesos La Vasconavarra enpresari eman zioten. Lastailean sortu zen Sakanako Langabetuen Asanblada, "gure lanerako eskubidea defendatu eta ia 2000 pertsonari eragiten dien egoera ikustarazteko. Langabeziari konponbide kolektiboa emateko". Bere burua ezagutzera emateko, ibarreko lantegi guztiak bisitatu zituzten Asanbladako kideek. Antolatu direnetik "langabezi tasa ofiziala ez da aldatu, erreala askoz ere handiagoa da".