Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Euskal estatuaren memoria historikoa berreskuratzeko helburua duen egitasmoa sustatu du Nafarroa Bizirik fundazioak: Enneco, Haritzaren memoria. Halaxe jakinarazi zuen larunbatean, Iruñean egindako ekitaldi batean. Fundazioko ordezkariek jakinarazi zutenez, Sakanan kokatuko da, bere kokapenagatik eta ibarreko herriak "gure tradizioen, historiaren eta artearen adibide" direlako. Nafarroa Bizirik fundazioaren izenean Gaizka Arangurenek esan zuen: "gure iruditeria kolektiboa osatzen dituzten erreferenteak nahi ditugu, gure lehena, oraina eta etorkizuna erabakitzeko". Arangurenek gaineratu duenez, "memoria berreskuratzeko ezinbestekoa da ikerketa, hausnarketa, bateratzea eta kultur egitasmo parte-hartzeaile eta bizia sortzea". Museo hutsa baino zerbait gehiago izanen da gunea, "egitasmoaren helburuekin bat datozen herri eta kultur ekimen guztiei babesa eman nahi die".Gara egunkariak igandean argitaratu zuen interpretazio zentroa Etxarri Aranatzen kokatuko litzatekeela. Joxi Bakaikoa alkateak jakinarazi digunez, Nafarroa Bizirik-eko ordezkariak udalarekin harremanetan jarri dira. Haiek kokapen egoki posibleak aztertzen egon dira Etxarrin eta beste herrietan ere, baina alkateak esan digunez ez dago erabakirik hartuta, hori bai, "erraztasun guztiak" jartzeko prest azaldu da. "Gauzak zehaztu gabe daudela oraindik" azaldu digute fundaziotik.