Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Korrikalariek korrika bukatu nahi izaten dute urtea. Bertako korrikalariendako, akaso, proba herrikoienak eta gertukoenak dira San Silbestreak. Aurten 34. edizioa beteko du Altsasuko San Silbestreak, eta Olaztiko probaren 12. edizioa izanen da jokoan.Altsasuko San Silbestrea, Nafarroako zaharrenaAstelehen iluntzean San Silbestre lasterketa jokatuko da Altsasuko herri gunean barna. Dantzaleku-Sakana klubak eta Sakana Triatloi Taldeak antolatuko dute lasterketa. Aurten 34. edizioa beteko du Nafarroako proba beteranoena denak. Aipatu proba Mario Memoriala izendatu zuten, bertan 17 urtez gailendu zen Mario Lopez de Uralde korrikalari altsasuarraren omenez. Ildo honetan, aurten beste pertsona bat ere izango da gogoan. 18:30ean Iker Borrega Arnedo gaztea izanen dute guztiek oroimenean, haren alde egingo den oroimen ekitaldi xume baten bidez. Haurrak 18:00etan eta helduak 19:00etanArratsaldeko 18:00etan emanen diote hasiera lasterketari, gaztetxoenen lasterketarekin. Aurrebenjaminak (400 m), benjaminak (800 m), kimuak (1.200 m) eta haurrak (1,5 km) ariko dira, plazatik abiatuta eurendako propio prestatutako distantzia osatzen. Haurren parte hartzea sustatzeko, aurten ez da sailkapenik egingo, eta parte-hartzaile guztiendako merienda izango da. Kadeteak, jubenilak, seniorrak eta beteranoak 19:00etan Foruen Plazatik abiatuko den proba nagusian ariko dira. Korrikalariek Altsasun barna prestatutako zirkuituari hiru buelta eman beharko dizkiote, guztira 5 km metro osatuz. Probako lehen hiru gizon eta emakumezkoek trofeoa jasoko dute, eta horretaz aparte kategoria bakoitzeko lehendabiziko gizon eta emakumeendako trofeoa izango da.Antolatzaileek urtea korrika egiten despeditzera animatu dute. "Lasterketarik herrikoiena hau da, normalean aritzen ez den jendea animatzen da eta oso polita izaten da. Urte bukaerako festa ederra da, proba berezia, jende askok parte hartzen du eta korrikalariek kariño berezia diote, etxeko proba delako, herrikoiena". Lasterketa ikusten eta bertan parte hartuko dutenendako salda beroan egongo da.Izena emateko: www.dantzalekusakana.comEgunean bertan izena eman daiteke, Gure Etxean, 18:00ak baino lehen, baina web gunean apuntatzea gomendatzen dute antolatzaileek. "Izen ematea dohainik denez ez dago inongo arazorik internet bidez apuntatzeko eta guri lana erraztuko digu, azken momentuan izena emanez gero, lasterketak atzeratuko direlako".Olaztin ere baiSan Silbestre lasterketaren 11. edizioa jokatuko da astelehen arratsaldean Olatzagutian. Sutegi elkarteak antolatutako lasterketak Intsumisio plaza izanen du abiapuntu, arratsaldeko 18:00etatik aurrera. Handik korrikalariek Ingurubide kalea hartuko dute frontoi aldera jo eta abiapuntuan dagoen helmugara iristeko. Izena eman nahi duenak lasterketa aurretik plazan jarritako mahaitik pasa beharko du. Giro polita izaten da.