Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Binakako Pilota Txapelketako 3. Jardunaldiko azken partida jokatu zen astelehenean Tolosako Beotibarren. Gonzalezek eta Aitor Zubietak sekulako partida jokatu zuten Arretxe II.aren eta Beginoren kontra eta 22-6 nagusitu ziren, arerioei sekulako egurra eman eta gero. Txapelketan jokatutako bi partida galdu eta gero, hirugarrenean bolada txarra eten eta merezitako garaipena lortu zuten, Binakako hasierako ligaxkan puntu bat lortuz. "Behar genuena zen: konfiantza berreskuratzeko partida bat. Gonzalezengatik pozten naiz, ondo ari zen entrenatzen, baina erritmoa hartu ezinik zebilen, eta halako egun bat behar zuen" aipatu zuen partida bukaeran Aitor Zubieta etxarriarrak. Izan ere orain arte ezinean zebiltzan Gonzalez eta Zubieta, eta garaipenarekin Binakako borrokan segitzen dutela erakutsi dute. Izugarri jokatu zuten Aspekoek. Gonzalezek azken urte eta erdian jokatutako partidarik onena egin zuen. Inspiratuta aritu zen, guztira 13 tanto eginez. Arretxe jokoz kanpo utzi zuen, ikusle soil moduan. Eta atzeko koadroetan Zubieta izan zen jaun eta jabe, partida guztian barna Beginori bizkarra erakutsiz. Piloteoan eta kantxan agindu zuen Etxarrikoak, Gonzalez primeran gidatuz. Irujo-Zabaletak galduIrujok eta Zabaletak ezin izan zuten Binakako Txapelketako hirugarren puntua bildu, Oinatz Bengoetxearen eta Beroizen kontra 22-21 galdu eta gero. 21era berdinduta, Beroizen pilotakadak ezustean harrapatu zuen Irujo eta hor joan zitzaien partida. Esan beharra dago Jose Javier Zabaletak nerbioen eragina sufritu zuela. Kosta egin zitzaion partidan sartzea, eta hasieran 5 pilota galdu zituen, nerbioen eraginez. Baina partidak aurrera egin ahala partidan sartu eta Beroizek baino gehiago eman zion pilotari. Aurrean Oinatzek eta Juanek sekulako lehia izan zuten, eta nahiz eta tarte batean Irujo gailendu, Oinatz erregularragoa izan zen. 21era berdinduta, zorteak erabaki zuen garailea, kasu honetan, Bengoetxea eta Beroiz. DatorrenaTxapelketako hirugarren jardunaldia jokatuta, Bengoetxea VI.ak eta Beroizek 3 puntu dituzte, Olaizola II.a-Zabalak, Irujo-Zabaletak eta Xala Barriolak bina puntu, Gonzalez-Zubietak, Titin-Merinok eta Arretxe II.a-Beginok bana eta Berasaluze VIII.a-Albisuk ez da bat ere. Laugarren jardunaldian Gonzalezek eta Zubietak Titin III.a eta Merino II.a izango dituzte aurkari (ostiralean, 22:00etan, Zaldibarren. ETB1), eta Irujok eta Zabaletak, aldiz, partidarik irabazi gabe dauden Berasaluze VIII.a eta Albisu izanen dituzte arerio (larunbatean, 17:15ean, Labriten. Nitro). Bi bikoek asteazkenean egingo dute material aukeraketa.