Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Abenduaren bukaeran abiatu zen Binakako Urrezko Aizkora. Sei bikote ari dira lehian, bi multzotan banatuta. Floren Nazabalek Jose Angel Zubiagarekin osatu du bikotea eta A mailan dabiltza lehian, Lopez-Senosiain II.arekin eta Atutxa-Mugertzarekin batera. Hasiera bikaina eman diote ligaxkari, abenduaren 30ean Arbizun jokatutako jardunaldian Lopez Azpilikueta eta Senosiain hartu baitzituzten menpean. 18:58 izan zen Nazabal eta Zubiagaren denbora, eta 21:51 Lopez eta Senosiainena. Ostiralean Atutxa II.a eta Mugertzaren aurrean nabarmen gailendu ziren Nazabal eta Zubiaga (21:20). Minutu bat eta 10 segundo gehiago behar izan zituzten Atutxak eta Mugertzak (22:30). Hortaz, A multzoko buruan daude Nazabal-Zubiaga, finalerdietarako sailkatuta. Lopez-Senosiainek eta Atutxa-Mugertzak dute jokoan beste finalerdietarako txartela.B multzoan Otaegi eta Otaño daude buruan, finalerdietarako sailkatuta. Asteburuan erabakiko da Olasagasti-Larretxea edo Rekondo-Erasunek lortzen duten beste finalerdietarako txartela. Bestalde, zilarrezko mailan 14 biko ari dira lehian. Kasu honetan kanporaketa zuzenaren bidez jokatzen ari da txapelketa. Arbizun jokatutako kanporaketan Iban Resano dorrobarrak eta Aitor Urteagak (11:28) Iñaki Kintana eta Eloi Kortxero (11:53)baino azkarragoak izan ziren, txapelketan aurrera eginez. Juanjo Erdozia eta Goizeder Beltza oraindik ez dira lehian sartu.