68 txirrindularik Urbasan despeditu zuten urtea

Guaixe 2013ko urtarrilaren 8a

Sociedad Deportiva Alsasuak (SDA) antolatutako 30. San Silbestre Bizikleta martxan 68 txirrindularik hartu zuten parte. Lehenik eta behin zikloturistek hartu zuten irteera, 38 txirrindulari guztira, modu lasaian Altsasutik Urbasara igoz, lagunartean urtea despedituz. Handik ordu erdira proba lehiakorra hasi zen. 30 txirrindulari irten ziren, Urbasara heltzea helburu. Sailkapen oso estuan, Diario de Navarra BTT Openeko irabazle Patxi Cia izan zen azkarrena (17:32), Luis Teodoro Casabal (17:33) eta Victor Etxeberriaren (17:34) aurretik. Etxeberriak erorikoa izan zuen Urbasako bihurgune batean. Bestalde, lehen altsasuarra Mikel Sarasola izan zen. Bukaeran parte hartzaile guztiek oroigarria jaso zuten SDAren egoitzan eta bertan burutu zen sari ematea.