Urteari agurra eta ongi etorria mendian

Guaixe 2013ko urtarrilaren 8a

Gure mendizaleek urtearen akabera eta ongi etorria mendian ospatu dituzte. Gainera, eguraldi onaren laguntza izan dute. Urteko azken egunean Altsasuko Mendigoizaleak eta Olaztiko Sutegiko mendizaleek Aizkorri aldera jo zuten. Aldiz, Lakuntzako Zabalarte klubak deituta, makina bat lakuntzar Eskuarrira eta Lakuntzako bordetara igo ziren, bertan hamaiketako bikaina eginez. Pikuxarrek eta Iratxok deituta, berriz, Irurtzun aldetik Ergako Trinitatera abiatu zen talde majo bat, urteari goialdetik agur esanez. Urteko lehen egunean askok Aralarrera jo zuten, baina bada urtero errepikatzen den zita, Beriain. Sakanako Mendizaleak taldeak deituta, Errege Egunean Beriain gainean egin zuten topo mendizaleak. Ez ziren kantuak falta izan. Altsasuko Mendigoizaleek urteko lehen igandero egin ohi dutenez, Urbasako Bargagainera jo eta bertan hamaiketakoa eta festatxoa ospatu zituzten.