Esku artean

Guaixe 2013ko urtarrilaren 11

Aurreko batean interesgarri suertatu zitzaidan liburu bat aurkitu nuen eta aurkikuntza hura aitzakia hartuta idatziko ditut lerro hauek.Kafetegitik iritsi berri naiz, kafesne goxoa hartu dut bi egunkari begiztatzen nituen bitartean. Eguberriak tarteko edo, ipuin elektronikoez ari zen artikulu bat irakurri zitekeen egunkarietako batean. Orrialde osoko artikulua argazki eta guzti. Bi egunkarietan ipuin elektronikoak iragartzen zituzten argitaletxeen iragarkiak zeuden. Eguberriak eta larunbata izanik, honek guztiak badu zentzua. Finean, egunero jaiotzen dira produktu berriak eta behin merkatuan daudela saltzea ezinbestekoa da aurrera egin ahal izateko.El arenque rojo da idatzi honen hasieran aipatu liburuaren izenburua, edo hobe esanda, ilustrazio-liburua. Marrazkiz beteriko 24 orrialde dira, idatziriko testurik ez dituztenak. Orrialde hauetan parke baten sekuentzia ageri da. Parkea edozein herri zein hiritako parkea izan daiteke. Gizonezko bat bizikletan ari da; neskatila aitak emandako liburuxka esku artean hartu eta irakurtzen ari da, ama semea eta alaba eskutik hartu eta paseoan ari da, musikaria txirula jotzen ari da, mutil batek argazkiak ateratzen ari dizkio txakurrari, mutil koxkorrak baloiarekin ari dira jolasean,...Hurrengo orrialde bikoitzera pasa eta pertsonaiak bertan daude, baina aldaketak daude. Pauso batzuk aurrera edo atzera egin dute, gauza ezberdin bat egiten ari dira, aurpegiko keinuak ezberdinak dira,...Liburuxkaren azken orrialdean gutun-azal bat aurkituko duzue, eta honen barruan zazpi istorio gordetzen dituen liburuxka txiki bat. Ilustrazio-liburuko zazpi pertsonaia aukeratu ditu egileak eta horien istorioak kontatzen dizkigu.El arenque rojon, ordea, badago pertsonaia gehiago eta horien istorioa norberak irudikatu, forma eman, amestu eta besteekin konpartitu ditzake. Pertsonaia bezainbeste istorio dituen liburuxka honen ilustrazioak Alicia Varelak eginikoak dira. Etxeko apalategian gordetzeko liburua nire gusturako, hamaika aldiz esku artera eramango duzun horietakoa.Ana Senar Lasa